Euskal berpizkundea
Aste honetan, milaka euskal herritar kalera atera da Santa Ageda bezperan koplak abestera eta makilarekin lurra kolpatzera. Azalpen antropologiko asko dago euskal ohitura zahar eta pagano horren inguruan, niri bat gustatzen zait bereziki: kalera ateratzen gara abesteko eta lurra makilez kolpatzeko, lo dagoen natura esna dadin, udaberria badator eta.
Aste honetan ere, milaka euskal herritar atera da kalera Greba Orokorraren egunean, ukatzen dizkiguten eskubideak eta bizi baldintza duinak aldarrikatzera. Azalpen soziopolitiko asko eman dizkigute agintean daudenek, inondik ere espero ez zuten erantzun zabala ikusirik. Batzuetan, begi bistakoa den arrakasta bera ukatu dute bere hedabide indartsuen bidez. Beste batzuetan, beldurraren teoria plazaratu dute. Ez gaituzte konbentzitu. Niri beste azalpen bat gustatu zait bereziki: zapaldu sektorialen komunitateak erantzun bateratua eta kolektiboa osatzea lortu du borroken konbergentziaren bidez. Euskal jendartea, natura bezala, udaberri atarian esnatzen ari da.
Eta ez da soilik Greba Orokorraren eguna izan, aurretik hilabete luzez buruturiko elkarlan sozial, sindikal eta politikoaren emaitza baita ezagutu dugun U30a. Eta, gainera, behin eta berriz errepikatzen ari den gertakari soziala da. Mugimendu feministak martxoaren 8a jendarte osoaren afera bihurtu du. Pentsionisten mugimenduak duintasuna guztion arazoa dela erakutsi digu. Klimaren aldaketaren aurkako mugimenduak trantsizio ekologikoaren gaia denon betekizuna dela erakutsi du… Arazo sektorialak bukatzen ari dira eta arazo globalak, kolektiboak, indartzen ari dira.
Urtetan indar politiko eta instituzioen eskumen esklusiboa izan den «ikuspegi integrala» bere egitea lortu du jendarte mugimenduak. Dagoeneko gai sozial nagusien aldeko motorra ez dago instituzioetan eta bertan parte hartzen duten indar politikoen eskuetan. Dinamika sozialek eta kaleek markatzen dute, hein handi batean, agenda politiko nagusia eta baita erritmoa ere. Indar politikoei abstentzio esanguratsua duten hauteskundeak eta politika instituzional konbentzionala gelditzen zaizkie. Matxinada soziala martxan da, euskal berpizkundea badator.