Euskal Herriak jauzi bat egin dezan
Dantzazaleak eta festazaleak gara donostiarrok. Bazenekiten sekula ez dela sartu donostiarrik zeruan? Antza, garai batean, donostiarrek debekatua zuten zerura sartzea. Lortu zuen batek, ordea, sartzea eta han ezkutatu zen, jendearen artean. San Pedro bila hasi zen, baina ezin donostiarra topatu. Trikimailua erabiltzea erabaki zuen San Pedrok: musika jotzen hasi (Iriyarena, zenbait bertsioren arabera) eta han hasi zen donostiarra ere dantzan eta saltoka. Bai baitzekien San Pedrok donostiarra dantzan hasiko zela musika entzun orduko. Jakina, infernura bidali zuten donostiar hura, gainerako donostiarrekin batera.
Igandean, hilak 25, berriz ere, dantza egiteko aukera izango dugu donostiarrok: Zazpi Jauzi dantza egingo dugu Plaza Berrian, 12:00etan. Berezitasun batekin: une horretan bertan, gauza bera egingo dute Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Maulen, Donibane Garazin eta Baionan. Alegia, igandean, Zazpi jauziz, herri bat ekimena egingo dugu. Mota honetako ekimen bat Euskal Herriko zazpi hiriburuetan aldi berean egiten den lehen aldia izango da.
«Geure jauzien bidez, mezu garbi bat bidaliko dugu: Euskal Herriak, nazio gisa, jauzi bat egin behar du aurrera»
Eta, geure jauzien bidez, mezu garbi bat bidaliko dugu: Euskal Herriak, nazio gisa, jauzi bat egin behar du aurrera. Jauzi bat, euskal lurraldeen arteko kohesioan sakontzeko. Jauzi bat, euskararen normalizazioan aurrera egiteko. Jauzi bat, nazio aitortza lortzeko. Eta jauzi bat, burujabetza esparru gehiago eskuratzeko. Nazio jauzi hori ezinbestekoa da etorkizuneko erronkei heltzeko. Eta ezinbestekoa da, ultraeskuina oldartuta dabilen garai honetan, euskal herritarren eskubideak blindatzeko eta zabaltzeko ere bai.
Beraz, Donostiako Gure Eskuko kideok gonbita egin nahi dizuegu: zatozte igandean Parte Zaharrera. Lehenik, Trinitate Plazan elkartuko gara, 11:15ean, entsegua egiteko; handik, Plaza Berrira joango gara kalejiran, non Zazpi Jauzi dantza egin, eta aipatutako mezua zabalduko dugun eguerdian. Zatozte, jauzi egin dezagun eta susta dezagun elkarrekin herri honek egin behar duen jauzia.

