Euskal Herrian lan eta bizitza burujabeak euskaraz eraikitzen!
Euskal mugimendu kooperatiboa eraldaketa prozesuan dago, 2009ko krisialditik hona, jendartean dauzkagun beharrak kolektiboki lantzen, garai berrietara egokitzen, eta lanaren burujabetzaren bitartez, gure bizitzak eta lurraldeak eraldatzen ari gara. Olatukoop sarea (Ekonomia Sozial Eraldatzailearen Euskal Herriko Sarea) 2014an sortu zen eta, ordutik, euskaratik eta euskaraz aritu gara kooperatibismoa, burujabetzak (elikadura, teknologia, etxebizitza, zaintzak, energia…), interkooperazioa, elkartasuna, mutualismoa, finantza etikoak, bizigarritasuna eta beste hainbat arlotan lanean.
Olatukoopeko kide gehienon egitura juridikoa kooperatiba da, eta hau azpimarragarria dela iruditzen zaigu. Izan ere, kooperatiben sorreraren motibazioa langileek era burujabean kudeatutako proiektu sozioekonomikoen eraikuntzan kokatzen den arren, behar ekonomikoak asetzeaz gain, helburu sozial eta kulturalak asetzeko konpromisoa ere badute kooperatibek. Eta hor kokatzen dugu Olatukoop sareko kideok tokiko kultura, dibertsitatea eta ondasun kulturalaren zaintzarako konpromisoa.
Bosgarren olatu kooperatiboa deitzen diogun honetan, ekonomiaren identitate kolektiboaren lanketa ere egiten ari gara, feminismoak egin duen bezala. Identitate horretan, euskara eta euskal kultura gure eguneroko erabakimen eta burujabetza praktiken beste oinarrizko ardatz bat bezala kokatzen dugu. Euskara gure kooperatiben DNAn txertatzea hautu kontzientea da, eta kooperatibetako jabetza langileon esku dagoenez, errazagoa da konpromiso hau denboran zehar mantentzea. Horrenbestez, Ekonomia Sozial Eraldatzailearen (ESEaren) ezaugarrien edo balioen artean daude feminismoa eta euskara.
Olatukoopen lan ildoetariko bat, #ESEko ekimenak indartzea eta zabaltzea da Euskal Herriko lurralde ezberdinetako auzo, herri eta eskualdeetan. Horrela, harreman ekonomiko eta sozialak eraldatu, ekonomia demokratizatu, gizartea kooperatibizatu eta gaur egungo kapitalismo bortitzetik urruntzen diren eredu sozioekonomikoetarantz bidea egitea dugu xede. Eta noski, baita euskara eta euskal kultura indartu ere. Norabide horretan, Ekonomia Sozial Eraldatzaileko ekimenak saretzen eta lurraldean zabaltzen doazen heinean, subjektu garrantzitsuak izango dira gure komunitateak euskalduntzeko orduan. Izan ere, egunerokotasunean gure kooperatiben jarduna euskaraz egiteak, diziplina edo jarduera anitzetan hizkuntza bizi mantentzea dakar, garai berriei egokituz eta izanari izena jarriz.
Euskaraz bizitzeko baliabide eta egiturak sortu dira azken hamarkadetan, eta baita aipatutako bosgarren olatu kooperatiboaren aldi honetan ere. Orain, baliabide horiek modu demokratiko zein komunitarioan kudeatzeari garrantzia eman behar diogu batetik, eta, bestetik, Euskal Herriko lurralde eta pertsona guztien esku jarri behar ditugu. Azken hau ere ez da etxeko lan makala. Asmatu beharko genuke, beste hizkuntzei zabalik egonda, herri hau euskaraz eraikitzeko aukera unibertsalizatzen, sozioekonomiaren eremuan ere.
Kontziente gara Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoaz eta badakigu hor dugun erantzukizuna. Kooperatibismoa, Ekonomia Sozial Eraldatzailea eta euskara denon eskura egoteko bidea urratzen ari gara, eta horretan jarraituko dugu.
Leire Udabe Aizpurua eta Mikel Olaiz Garmendia, LAKARI ETA TAPUNTU KOOPERATIBETAKO, ETA OLATUKOOP EKONOMIA SOZIAL ERALDATZAILEKO SAREKO KIDEAK