Euskaltzale ahaldunduen garaia da
Joan zen Korrika, eta han bizi izandako emozio, sentimendu eta zirrarak erabaki eta ekintza bihurtzeko aldia dator orain. Bagerak euskaldunontzako Ahalduntze Tailerra antolatuko du aurki. Bi saio apirilean, beste bi maiatzean. Helburua, asertibotasuna lantzea eta euskaldun gisa modu naturalagoan, autokonfiantzaz eta errespetuz jokatzen ikastea.
Modu naturalagoan, bai, ze euskaldunok errazegi egiten diogu uko euskaldun agertzeari. Gure artean oso handia da hizkuntza sumisioa, urteetan eta urteetan, belaunaldiz belaunaldi barneratu duguna. Hain dugu barneratua, non askotan ez garen ohartu ere egiten eta, badaezpada, erdarara jotzen dugun erreflexuz, edo euskaraz egitea edukazio txarrekoa iruditzen zaigulako, edo errespetuagatik…
Hain dago naturalizatua egoera hori, non hainbatek eskubidetzat hartua baitute euskaldunok euskaraz ez egitea. Hala, gero eta gutxiago ageri gara eguneroko bizitzan (Korrika eta Euskaraldia eta halakoetatik kanpo, alegia), eta desagertuz goaz.
«Agertu ala hil. Plazara jalgi ala hil. Jauzi hori egiteko garaia da […]. Lortu beharra dugu euskaldunok euskaldun agertzen ausartzea, hori normala izateraino»
Beraz, agertu ala hil. Plazara jalgi ala hil. Jauzi hori egiteko garaia da. Jalgi gaitezen eguneroko plazara: kalera, tabernara, dendara, Osakidetzara, administraziora…. Lortu beharra dugu euskaldunok euskaldun agertzen ausartzea, hori normala izateraino. Normala izateraino, bai euskaldunentzat eta bai erdaldunentzat. Lortu beharra dugu erdaldunek ere normaltzat hartzea euskaldunok nonahi eta noiznahi euskaldun agertzea.
Ahalduntze Tailerraren egiteko bat sumisioaz ohartzea da; bigarren egitekoa, sumisio horrek ezkutatzen duen indarkeriaz jabetzea; hirugarrena, euskaldun gisa ahalduntzen hastea.
Tailerra ondo aterako balitz, hurrengo pausoa Donostiako auzoetan tailer gehiago egitea litzateke. Dinamika interesgarria ekar lezake horrek aurrera begira. Batetik, euskal herrietan ahalduntze taldeen mugimendua eta sarea sortuz gero, euskararen alderako atxikimendua piztu eta euskaldunon komunitatea trinkotzea. Bestetik, ahalduntze kontzeptua bera edukiz janztea eta sakonera hartzea. Tailerrotako ahalduntze psikologikoaz gainera, ahalduntze ideologikoaz, dialektikoaz, didaktikoaz, alegia. Denen beharrean gara.
Beraz, eskari bat hau irakurriko duzuenoi: hartu gogoan Bagerak antolatuko duen Ahalduntze Tailerra, eta hartu parte. Oraindik zabalik dago izena emateko epea.
