Euskara justizia sozialaren egunean
Otsailaren 20a Justizia Sozialaren eguna da, NBEk deituta. Kontzeptu zabala da justizia sozialarena, eta hizkuntzari dagokionez ere badugu zer hausnartu. Justizia sozialak eskatzen du gizarte batek eskura dituen ondasunak norbanakoen artean modu justu batean banatzea, bizimodu duina izateko baldintzak pertsona guztiei bermatzea, gizarte-eskubideekiko berdintasuna ziurtatzea.
Justizia sozial ezak migrazio mugimenduak sortzen ditu, kontinente, herrialde eta eskualdeen artean. Eta migraziorik gabe ere, justizia sozialaren bilaketak ohiko bizimodua aldatu beharra ekar dezake. Aldaketa horiek, migraziozkoek edo bestelakoek, eragina dute hizkuntz erabileran.
Pertsona batek herrialdea utzi behar badu, harrera egiten dion herrialdeko hizkuntza bereganatu beharko du. Herrialde edo eskualde baten barnean bizimodua aldatu behar duena ere bizimodu berriko kodeetara egokitu beharko da, tartean hizkuntza desberdin bat erabiltzera behartuta. Bestalde, komunitateen arteko gatazkak baldintza dezake hizkuntzen erabilera. Edozein jatorriko gatazka ere, beti dago botere-konflikto bat, hots, indar eta interes ekonomikoen arteko borroka. Talde zapaldua bere hizkuntzari uko egitera behartuta izan daiteke.
Euskararen kasuan, bigarren mailako euskal klasea esplotatuta egon da euskaldun elebakar izateagatik. Atzera begiratzen badugu, euskaldunek justizia sozialaren bila emigratu behar izan dute norabide desberdinetan. Ipar edo Hegoamerikara joandakoek ingelesa edo espainola ikasi behar izan zuten; egun, hemen etorkizunik aurkitu ez eta atzerrira doazen gazteek gutxienez ingelesa menderatu behar dute, eta bizitza berria alemanez, frantsesez, finlandieraz egingo dute agian, ez bada ingelesa haien lingua franca lanerako eta harreman sozialetarako nagusiki erabilia. Baina Euskal Herritik atera gabe, mendeetako joera izan da baserria utzi eta hirira joatea, eta horrek hizkuntza aldaketa ekarri izan du, euskara utzi eta frantsesa Iparraldean edo espainola Hegoaldean hizkuntza berritzat hartzea.
Halako prozesuak hizkuntza gutxituentzat kaltegarriak dira. Gurean bezala, antzera gertatu izan da Europako beste hainbat naziotan, ondorio okerragoekin batzuetan: duela gutxi entzun dugu Eskoziako gaelikoa desagertze arriskuan dagoela. Indartsuago dagoen katalanaren kasuan ere, alarmak piztu dira azken aldian.
Justizia sozialarekin lotuta, gogoan izan behar ditugu Euskal Herrira etorri diren immigranteak, haietako askok haien hizkuntza utzi behar izan dute hemen etorkizuna aurkitzeko, eta hor hizkuntza nagusiaren eta gutxituaren arteko lehia dago, hizkuntza nagusia (frantsesa/espainola) erakargarriago zaiela, euskararen kaltetan.
Gai konplexua da, noren begietatik ikusten den, noren hizkuntzatik aritzen den. Hizkuntza politika publikoak bermatu behar du euskararen erabilera, irakaskuntzan, administrazioan eta lan-munduan arreta berezia jarriz bere etorkizuna ziurtatzeko, Euskal Herrian bizi eta lan egiten dugun guztion justizia soziala hizkuntz eskubideekin eta kultur aniztasunarekin lotuz.
Jose Mari Zendoia Sainz, EHUko irakaslea eta ikerlaria