
Gozamen une batean, sexuaren magian, maiz, batean ala bestean, muturrera eraman ohi dugu jolasa. Gorputzaren basatiak hartzen gaituenean, buruak agintzeari uzten du. Esaidazu, nor ez den gozamenaren truke hutsean, barruraino larrutu, jolasean arriskatu. Jakinik, arrisku batzuen ondorioak zein izan litezkeen. Kutsa daitezkeen gaixotasun biziak, edo esna daitezkeen obulu lokartuak.
Abortua debekatzearen edota arautzearen inguruko mehatxua piztu du Espainiako Gobernuak, eta horrek kezka harrotu du mugimendu feministan. Eta agenda politikoan sartu dute gaia, politikarien ahotan kezkagai ezinbesteko bihurtuz.Hedabideek ere eutsi diote gaiari, kezkari; baina, ez da halako zurrunbilorik, ostera, kalean. Jakina, mugimendu feministaz kanpoko eremutan. Eguneroko (autobuseko, kaleetako, laneko…) solasaldi publikoetan kezka horren oihartzun handirik ez dut antzeman. Gugan abortuaren arautze edota debekatzeak dakarren urratzearen tamainako haserrerik ez, behintzat.
Gaia hizpide genuen batean, gertuko batek kontatu zidan 1976. urteko irailean abiaturiko zurrunbiloaren berri. Urte hartan, irailaren 9ko ordu txikitan Basaurin hamaika emakume atxilotu zituzten, abortatzeagatik, edo abortua eragiten laguntzeagatik. Orduantxe abiatu zen Basauriko epaiketa izenez ezagutzen den prozesua, 1982. urtera arte luzatu zena, epaia eman arte. Garaitsu hartan, abortu librearen aldeko oihartzunak mugimendu sozial indartsu eta bizia egituratu zuen. Euren epaiketak iraun zuen urte horietan kalean, haserrea, aldarria, desadostasuna adierazi zela. Eta erantzun sozial horrek, hausnarketa piztu zuela, ez hedabideetan soilik, kalean, hurbilekoen eta urrunekoen artean… azkenik –eta erantzun horri esker-, abortatzeko eskubidea bermatu zen.
Ezjakina neu! Gertakari haren berri izateak harritu ninduen. Batetik, ezjakin sentitu nintzen, eta ardura puntu batekin, historia haren berri ez izateagatik. Bestetik, haserreturik, memoria kolektiboak ez zidalako tamainako gertakariaren berri eman, oraintsu arte. Zergatik ez dut haren berri izan historia-liburuen edo historia-eskolen bitartez? Eta taberna zein kaleko ahoz ahoko transmisioan ere, zergatik ez dut orain arte jaso?
Egiaren mamia bortxatu nahi izan dute, lorpenak deuseztatu legeak aurrea hartu arte,akaso hurrengo alabek nozituko dute Basauriko epaituen itzala. Akaso, neu ezjakin.