'Fede kontua'
Jon Odriozola, kazetaria
Igande egun aztoratua. Batera eta bestera igaro zuen jende askok: korrika. Eguerdira arte Korrikaren azken metroak egiten. Arratsaldean, berriz, Realeko jokalariek hartu zuten lekukoa, eguerdian, Donostiako kaleetan zehar talde txuri-urdineko emakumeek eraman ostean. Jendea prozesioan hurbildu zen futbol-zelaira. Erromesez bapo bete zen Anoetako tenplua. Giro aparta. Errezu-kantarik ez ezen falta izan ospakizun guztian zehar; zaleek, jokalariengan, fedea duten seinale. Partida atarian zaleek ondo merezitako saria erdietsi zuten. Primerako jarraitzaileak direla azpimarratzen duen garaikurra. Baina, zaleek, opari guztien gainetik, bereziki bat amesten zuten: hiru puntuak. Garaipen baraualdiaren ostean, Aste Santuaren atarian, puntu gosez zeuden. Zerbait handia lortu nahi zuten sailkapeneko azken postuetatik urruntzeko. Taldean sinesten jarraitzeko. Korrika eskuratu nahi izan zuten xedea Lasarteren mutilek ere. Lehenbailehen. Korrika eta presaka. Irrikaz. Gogo biziz. Antsiaz. Baina Sportingek bere partida egin zuen, eta susto pare bat eman zizkien eliztar txuri-urdinei lehen zatian. Zer esanik ez, aldageletatik bueltan, berdinketaren gola gauzatu zuenean. Jendeak, ametserantz beste oztopo bat sumatu zuen. Infernuko zuloaren berotasun-hotza gorputzean antzematen hasi zen. Zer nolako hotzikara! Baina Griezmannek, iragan igandeko aingeru-guardakoak, lehen gola egin zuenean, zaleek aldarera igo zuten gaztea. Eta zer esanik ez bigarrena sareratu zuenean. Batzuk, santu izendatzeko ere eskatzen hasi ziren. Jendeak begiko du frantziarra, jada, mirari bat baino gehiago lortu baititu. Izerdi dezente botaz –jokalari zein zaleek– eta lorturiko garaipen larriari esker, barealdia heldu zen igande arrastian Donostiara. Datorren asteburuan, larunbat santuan, beste txuri-gorri batzuk aurrez aurre izango ditu Realak. Derbia San Mamesen. Katedralean. Leku paregabea zerura hurbiltzeko: Lehen Mailan jarraitzea. Halere, lehoiak mendeku gosez zelairatuko dira lehen itzuliko porrota txuri-urdinei bueltatu asmoz. Egia esan, ez da batere plaza txarra helburua gauzatzeko. Hau da, 41 puntu lortu eta txuri-urdinen arima astinduaren salbazioa lortzeko.

