Formakuntza poliziala Intxaurrondoko tortura zentroan
Aste honetan bertan jakin dugu hainbat herritako Udaltzaingoak (tartean, EH Bilduren alkatetza duten Tolosa eta Andoaingoak) Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelera etorri direla formakuntza poliziala jasotzera. Dirudienez, taserraren erabileraren inguruan, tiro praktiketan edota arma eta lehergailuen inguruan jaso dute formakuntza.
Hilabete eskas pasatu da Hondarribiko Udaltzaingoak Babacar Welle hil zuenetik, eta hilabete gutxi Santurtziko udaltzainek Ander Saenz hil zutenetik. Lehena tiroz eta bigarrena taserra erabilita. Honezkero, beraz, jakin badakigu Udaltzaingoa, multez eta trafikoaz arduratzen den indar polizial «hurbila» izatetik urrun, kaleetan hilketak gauzatzeko gai den indar poliziala dela.
Hori jakinda ere, berri honek badauka larritasun berezia. Izan ere, Intxaurrondoko kuartela urte luzez tortura zentroa izan da, non ehunka militante eta ez-militante torturatu dituzten. 2015ean Martxelo Otamendik «Europa mendebaldeko tortura zentro handiena» deitu zuenean, bazekien zertaz ari zen. Ezin ahaztu, gainera, kuartel horretan edo bertako torturatzaileen eskuetan eraildako Mikel Zabalza, Joxean Lasa edota Joxi Zabala ere.
«Ofizialki ikasten dutenaz gain, zer irakatsi diete Intxaurrondon? Zertaz hitz egingo dute militanteak aipatzen dituztenean?»
Intxaurrondoko kuartelaren existentzia bera iraingarria da, eta Guardia Zibilaren indarkeriaren, ankerkeriaren eta inpunitatearen erakusle argia. Horregatik, eta Poliziaren beraren izaera ezagututa ere, karga sinboliko handia dauka Udaltzaingoak, herri txiki eta euskaldunetakoak barne, bertan formatzen egoteak. Ofizialki ikasten dutenaz gain, zer irakatsi diete Intxaurrondon? Zertaz hitz egingo dute militanteak aipatzen dituztenean? Zer esango dute etorkinen inguruan hitz egitean? Partekatuko dute zer egiten duten kalabozo edo ziegetan atxilotuekin?
Azken urteotan, Netflix eta halako plataformetan urtero estreinatzen dira «euskal gatazkaren» inguruko pelikula edo telesailak. Memoria garrantzitsua omen da, «iraganeko akatsak ez errepikatzeko», diote. Alde bakarreko memoria inposatzen den honetan, ordea, gure hiri eta herrietako kaleetan patruilan dabiltzan polizia armatuak, edozein kolorekoak direla ere, eta edozein alderdi politikoren agindupean egonda ere, torturatzaile profesionalak edo haiek formatuak izango dira.
2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean Amets Arzallusek kartzelako lan gogoangarria egin zuen. Bertan, «egoerak beste aldean jarri zaitu» gaiari erantzunez, Intxaurrondoko kuarteleko guardia zibil baten ahotik kantatu zuen, eragindako torturengatik epaitua izaten ari zena. Hori gertatzetik urrun, 13 urte beranduago, polizia horiek dira gainontzekoak formatzen ari direnak. Atera kontuak.

