Igeldo udalerri izateko aldarrikapena. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Foru Aldunditik adierazi dutenez, gaur jaso dute Carlos Urquijo Espainiako Gobernuko ordezkariaren gutuna herri galdeketa bertan behera uzteko eskatuz.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran Igeldoko auzia izan dute eztabaidagai, gaur, eta Bilduk “herritarren erabakia” errespetatzeko eskatu dio oposizioari.
Igeldoko desanexioaren gaiari helduz, Eneko Goioa, EAJko zinegotziak ere adierazpenak egin ditu. Foru Aldundiak Igeldon bizi diren donostiarren zerrenda eskatu duela jakinarazi du Goiak. “Alkatetzako idazkaritzan Aldundiaren eskaera erregistratu zuten atzo, eta eskaera horren aurrean zein jarrera hartuko duen galdetuko diogu alkateari”, esan du Goiak.
Foru Aldundia “bere kabuz” kudeatzen ari dela gaia salatu du zinegotzi jeltzaleak eta udal gobernuaren jarrera ere kritikatu du. “Legeak dioen neutraltasun horretan babesten da Izagirre jauna bere jarrera ezkutatzeko; legealdi honetan igeldotarren izaera berezia zehazteko aukera izan du Bilduk, elkarrekin gehiengoa osatzen dugulako, baina ez dute gure proposamenik onartu. Guztia edo batere ez, Bildurentzako ez dago tarteko aukerarik”, esan du Goiak.
Itziar eta Debaren kasuari erreferentzia eginez egin ditu adierazpen hauek Eneko Goiak. Hain zuzen ere, gaur hasiko da Itziar Toki Entitate Txiki bilakatzeko prozedura, udal talde guztiek onartu dutena. “Antzeko ezaugarriak lituzkete Itziarrek eta Igeldok eta argi dago borondatea badago, adostasunetara iritsi daitekeela. Lekuko Entitate Txikiarena litzateke guretzat Igeldorentzako formularik egokiena, baina udal gobernuak ez digu akordiorako aukerarik eman”, esan du Goiak.