'Futbolsofia'
Xabier Etxaniz Rojo, idazlea
Larunbatean Barça orojalearen bisita izan genuen Anoetan, Ligan 31 partida jarraian galdu gabe zeramatzan taldearena. Iaz sei titulu eskuratu zituen. Aurtengo Liga esku-eskura dauka, eta ondo bidean, Champions-eko finala jokatuko du aurki. Munduko futbol talderik onena dela esaten digute, Peleren Brasil baino hobea, Cruyffen Holanda baino hobea, Laudrupen Dream-team ospetsua baino askoz ere hobea. Eta gu? Nor gara gu? Gu hutsaren hurrengoa gara, euli-kaka gara haien ondoan. Nola irabazi behar genuen guk? Ezinezkoa zen. Hain ezinezkoa non, ia denok ematen baikenituen galdutzat hiru puntuak. Egia esan, nik neuk ere itxaropen handirik gabe utzi nuen Vieux Boucou-ko kanpina, urkamendira nindoakeen gisa berean. Hain ezinezkoa zen gure garaipena non Anoetarako bidean –demagun Isabel II.eneko tabernaren batean– blaugranaz jantzitako deabruren batek banakako berdinketa eskaini izan baligu, demagun garagardo edota arima baten truke, denok ziztuan sinatuko genukeen, begiak itxita, baita paperezko eskuzapi zikin baten gainean ere. Oker geunden. Bartzelona munduko futbol talderik onena dela esatea contradictio in terminis bat da, Barçak ez baitu futbolean jokatzen. Barçarena beste zerbait da. Ez dakit zer den baina ez da futbola, eta egunen batean konturatu gara bere jokoak ez diola inolako mesederik egin futbolari. Futbolean bi taldek jokatzen dute eta Barçak bakarrik jokatzen du. Futbolean baloi batez jokatzen da, baina Barçak baloia ezkutatzen du, kamisetaren azpian gordetzen du eta ohartu zarenerako akabatu zaitu musuka. Larunbatean, baina, Realak futbolean jokatzera behartu zuen Barça guztiahalduna. Zerutik jaitsarazi eta lurtar bihurtu zituen Xavi, Messi eta konpainia. Eta aingeruak deseroso sentitu ziren lurrean. Deseroso eta, Play-station-etik at, galduta, beraiena ez den joko batean aritzera behartuta. Izan ere, gure jokalariek futbolean jokatzen baitute. Batzuetan bikain, eta gehienetan erdipurdi, bai, baina futbolean.

