Gabonak Gipuzkoako zahar etxeetan
Aurtengoan bakardadea da nagusi eguberri garaian Gipuzkoako zahar etxeetan. Familiekin egoteko ezintasunari gehitu behar zaio garai honetan egoitzetan antolatu ohi ziren girotze jarduerarik ere ez dutela izan: kontzertuak, gabon kantak, auzoko haur taldeen bisitak…
Astean bi bisita besterik ez izatea, familientzako hain bereziak diren data hauetan, gutxitxo iruditzen zaigu. Garai honetan gertutasuna eta oparitxo bat eskutik eskura emateko aukerarik ez izatea tristea da benetan. Urtean behin soilik etorri eta bisitatzeko aukera duten senideak ezin dituzte ikusi, musukatu, besarkatu.
Hurrengo urtean aukera izango dela esaten digutenean, badirudi ez direla ohartzen, askorentzat akaso ez dela beste aukerarik izango, ez dakigu gure senideek beste urtebete iraungo duten.
Eguberrietan etxera joateko aukera arriskutsua izateaz gain, bueltan prebentzio neurri gisa, berriro isolatuta egon beharra, ondorio gogor bezain tristea litzateke. Gainera pertsona eta familia guztietan ez da posible, baldintza eta egoera ezberdin asko baitaude.
Garai honetan egoitzetatik irten ahal izateko prestatuta dauden eremu seguru horiek erabiltzeko aukerarik ere ez dugu. Paseatzen ibiltzeko girorik ez da eta. Neguan gaude eta eguraldiak ez du laguntzen.
COVID-19aren kontrako txertoa Gabonetan iritsi da. Esan beharra dago urte osoan egoitzetan bizi diren pertsonei eta haien senideei erabaki edo parte hartzeko eskaini zaigun aukera bakarra izan dela txertoa jarri ala ez jartzea.
Gai korapilatsua da, oso pertsonala, eta norberak hartu beharreko erabakia. Baina baliagarria izango den itxaropenean gaude, isolamendu egoerarekin amaitu eta gure senideekin aurrez aurre egoteko aukera berandu baino lehen ekarriko digulakoan.
Bukatzeko, bai egoitzetako erabiltzaileek bai senideek, adineko pertsonen eta menpekotasuna duten pertsonen zaintzari dagozkion erabakietan parte hartzea ezinbestekoa da. Guztien ekarpenak kontuan hartuta gauza asko hobetu daitezke.
Izan ere, zaintza gizarte osoaren ardura da. Bidean geratzen ez garen guztiak iritsiko gara zahartzarora, horregatik eskatzen diogu gizarteari, egoitzetako bizi baldintzak hobetzeko laguntza.