Gailurrak aratz
Zigor Etxeburua, Euskalgintzako kide
Azken aldiko geratakariek gaiak emanak zizkidaten, aukeran gehiegi eman ere. Euskarari lotuak batzuk –lehendakariaren perlak…–, gatazka politikoari atxikiak besteak, ekonomiaren krisiaren ingurukoak asko, hiriaren egunerokoaz zenbait… baina horiek laga eta beste bati ekin diot. Ez dut kezka berria, baina azken aldian berritu zait egin ditudan mendi osteratxoetan. Jakina da gure arbasoek mendi lepoetan egin zituztela beren betirako atsedenlekuak, trikuharri, mairubaratza eta zutarrien bidez. Milaka urte iraun duten monumentu horiek bat egin dute inguruarekin, erabat mimetizatzeraino. Bertako edo inguruetako harriez eginak, direnik ere ez zaie somatzen. Harrespila megalitiko baten gainean egon gaitezke, denik ere jakin gabe. Baina hara non gizaki modernook gure arbasoekin bat egin nahi izan dugun, beren hileta erritoak imitatuz. Eta horren ondorio dira Euskal Herriko ehunka gailurretan topa ditzakegun hildakoen omenezko oroitarri, gurutze eta plakak. Altzairu erdoilgaitzezkoak, brontzezkoak, kromatuak, porlanezkoak, marmolezkoak, plastikozkoak, txikiak, ertainak, handiak… tokiko haitz batean itsatsitako plakatxoa izan daiteke, edota Jaizkibelen dagoen mausoleoaren modukoa –gutxienez metro koadro bateko zabalera, hesitxoa, argazkidun marmolezko oroitarria, kandelak, plastikozko loreak eta belar artifiziala!–. Bakanak izan daitezke, edo Polloen ote zauden zalantza egiteraino adina. Gehienetan euskaraz idatziak daude, baina horrek ez du salbuesle izateko balio. Bianditz mendian badira hainbat cromlech, eta horiek hor direla adierazteko Gobernuek jarritako zutarri batzuk ageri dira inguruan. Bada, mairubaratza horietako batean antzeko bi zutarritxo zeudela harrituta, ikustera inguratu naiz. Bata monumentu megalitikoaren adierazlea da eta, bestea, ez dakit nori, auskalo nongo artzain lagunek, noizbait egindako oroitarria. Ez zait bereziki okerra iruditu, eremu hori beren lanleku eta bizitokia baita, baina han badira beste bost bat plaka eta plaka ez direnak –zutarri bat eta metalezko piramide bat–, eta hori gehiegitxo otu zait. Ziurrenik, oroigarriak gailurretan jartzeko arrazoiak badira –zenduak tokia bereziki maite izatea, askatasun idealaren gauzapen moduko bat…– baina jadanik horrek mugaren bat behar du. Uler dezaket tokian bertan gertakari larri bat jazo, eta hori gogoratu nahi izatea oroitarri baten bidez. Onar dezaket lagun eta senideen errautsak mendi gailurretan aireratu edota lurperatzea, edota haren omenez zuhaitzen bat landatzea –beti ere, tokirako egokia–. Horiekin ados, baina ez egungo anabasarekin. Ziur naiz hildako horiek ere ez luketela maiteko mendi tontorrak oroitarriz betetzen ikustea. Nire ustez, ez genituzke gehiago jarri beharko eta, areago, gailurretan barreiatuta dauden oroitarriak kendu eta dagozkienei helarazi beharko lizkieke Foru Aldundiak.
