Galtzen jakin
Igandean Donostiarrako mutilen balentriekin hordituta, lagun batek beste hainbat traineruzaleri gogoratu zizkien «urtetan donostiarrok pairatutakoak». Bere emazteak besteen portaera okerra imitatzea leporatzen, «jakina, orain nire txanda da», erantzun zuen. Aspaldian irabazi gabea denari zaila zaio irabazten jakitea. Galtzen jakitea ere ez da erraza nahiz eta Saizarbitoriak idatzia duen euskaldunok gustua hartu diogula porrotari eta egonarri handiz eraman ohi dugula.
Halere, galtzeaz aspertuz gero, EAEn beti dago EAJkoa egitea. Donostian ere emaitzak hobetu dituzte. Bitartean, PSEren udal zerrendak Europarako zerrendak -Borrellek- baino boz gutxiago eskuratu ditu eta askok zerrendaburuari egotzi diote. Ikusteke dago Gascok galtzen jakingo ote duen eta uko egingo ote dion alkate izateko grina neurrigabeari. Egoa zer den.
PSEren beherakadari Borja Senperrek atera dio etekina. Bereak eta bi egin ditu kanpainan protagonista izateko. Azken egunetan ere protagonismoa izan du, zeharkakoa bada ere. Senperren emazte Barbara Goenagak homofobiaren aurkako txioa idatzi zuen sare sozialetan. Aktibista ezagun batek «halakoak bere senarrari esateko» gomendatu zion. Erantzunaren estiloa eta edukia nahiko itsusiak izan ziren, eta aktoreak azkar deitoratu zuen saren horretan askok «inoren emaztetzat» tratatzen dutela.
Une hori iritsita, logikoena zen aktibistak ikustea bide hori antzua zela eta bestetik jotzea. Baina, berriz ere, egoa zer den, galtzen garenean/dugunean, aurrera ihes egitea beste biderik ez dugu ikusten maiz. Aktibistak aktorearen harreman pertsonalari buruz hizketan jarraitu zuen, hautsak harrotu arte. Ondorioz, Goenagak sare sozialetatik erretirada melodramatiko samarra iragarri du. Eta hainbat komunikabidek gaia aprobetxatu dute Senper loratzeko eta aktibista astintzeko, nahiz eta aktibistak berak zientoka irain eta deskalifikazio jaso egunero inork tu(i)tik salatu gabe.
Edonola ere, nire ustez kezkagarria da aktibistak esandakoa nola defendatu duten batzuek. Beste politikari baten bikotekideari halakoak esanez gero ondo al legoke? Ala gure g/buruak eztabaida bat galdu duela onartzea da zail egiten zaiguna. Irabazten eta galtzen jakiteko, lehenengo galdu egin dela jakin behar da. Bitartean, dudarik ez izan, polemika honetatik, beste hainbatetik bezala, betikariek irabaziko dute.