Garraiobide bat baino gehiago
Pasa den uztailaren 1ean, G1 autobus linearen zain zeuden Aieteko bizilagunak autobusik gabe geratu ziren. Orain badakigu Garayar enpresa beste emakidadun batek ordezkatu duela, baina autobusen maiztasunen eta ordutegien aldaketaren berri ez die inork eman ez erabiltzaileei, ezta gidariei ere.
Autobusaren zain egoteak eragindako egonezinaz gain, jende asko berandu iritsi da beraien hitzorduetara, lanekoetara edo bestelakoetara, eta etsita, beste garraiobide bat hartu dute. Ulertezina da oraindik informazio hori ez izatea.
Transitia enpresa bizkaitarrak eta Alsa talde semimonopolistak osatutako aldi baterako enpresa-elkarteak Donostia-Hernani-Donostia autobusaren maiztasuna 20 minutura murriztu dute puntako orduan (07:00etatik 09:00etara), eta ordu erdira eguneko gainerako orduetan (Garayar autobusek 15 minutuero ematen zuten zerbitzua).
Alsak eta Transitiak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren onespenarekin, garraio publikoarekin negozioa egiten dute, zerbitzuaren kalitatea okertzearen kontura.
Hala ere, herritarren kexa eta erreklamazioek bultzatuta, Gipuzkoako Foru Aldundi ahalguztidunak –herritarren beharren aurrean sor den entitateak– bilera bat antolatu du enpresa emakidadun berriarekin, eta Andoaingo, Astigarragako, Hernaniko, eta Lasarte-Oriako udalekin. Ez dute Donostiako aipatzen, eta udal horren konpromisoa, ordea, ezinbestekoa da enpresa berriak erabiltzaileen alde egin dezan, eta lehengo zerbitzua berriro emateko, 15 minutuko maiztasuna berreskuratzeko.
Garayar enpresak 1953tik Aietetik barrena lotu izan ditu Donostia eta Hernani, eta bizilagunei zerbitzu hori emateaz arduratu da.
Hernaniko autobuseko gidariek Aieteren eraldaketaren gorabeherak bizi izan dituzte. Eraldaketa argienetako bat Hernaniko errepidearena izan da: Goiko Galtzada zeharkatzen zuen, gaur egungo Oriamendi eta Aiete pasealekuak.
Aurreko mendearen erdialdera arte, Aieteko emakume baserritarrak abereek bultzatutako gurdietan jaisten ziren hiriko merkatuetara, baina Garayarrek autobusak martxan jarri zituenean, emakume horiek garraiobide hori erabiltzeari ekin zioten, baratzeko produktuak eramateko. Aietera autobusez itzultzean, eguneko beharrezko oinarrizko produktuak eramaten zituzten bueltan: eguneko ogia, azukrea, arraina eta haragia.
Gaur egun arte G1a udal garraiobideen zerbitzuari gailentzen zitzaion, maiztasunean eta zerbitzuan: puntualtasuna zorrotza zen, eta gidarien jatortasun eta gertutasuna, nabarmentzekoa.
Edozein aldaketa tekniko, garraio kolektiboan ere, herritarren bizitzen kalitatea hobetzeko izaten da, behar gehien dituzten sektoreekin enpatia izaten. Aldundiak jakin beharko luke autobusetako erabiltzaile gehienak langileak, adineko pertsonak, emakumeak eta ikasleak izaten direla. Oinarrizko helburu demokratiko horretan porrot egitea enpresa jakin batzuk hobestearen ondorio da: etekinaren legeak soilik mugitzen dituen eta ingurua eta zerbitzuaren beharrak ezagutzen ez dituzten enpresak, hain zuzen. Zerbitzua adjudikatzeko prozesua egiteko moduak zerikusirik badu.