Gazteen desioa, kontsumoaren hauspoa
Duela gutxi, nerabeei buruz idatzi nuen orrialde hauetan. Asteburu honetan, berriro ere, gazteei begira jarri gara Donostian. Eta uste dudana da ez dugula gazteriaren sektore handi bat ulertzen. Hiriko erdiguneak ezohiko irudia utzi digu. Hainbat saltokik egurrezko taulekin estali zituzten erakusleihoak, beste batzuek produktuak barrura eraman eta beste hainbestek, pertsianak lehenago itxi zituzten, Blocus mugimenduaren inguruan sare sozialetan zabaldutako deialdien eta balizko arpilatzeen beldur. Azkenean, espero ziren istiluak ez ziren iritsi, baina irudiak hor geratu dira: denda itxiak, erakusleiho estaliak eta kaleetan Poliziaren presentzia handia.
Erraza litzateke gertatutakoa gazte biolento batzuen arazo gisa ulertzea. Baina, aurrekoan idatzi moduan, agian, merezi du kanpotik begiratzeari utzi, eta arpilatzea desio duten gazteen atzean zer arrazoi egon daitezkeen begiratzea. Izan ere, akatsa litzateke arpilatzeak matxinada politiko kontziente baten adierazpen gisa idealizatzea. Kontrara, ez da zentzuzkoa pentsatzea nahi horien atzean helburu politikorik ez dagoenik.
Izan ere, asteburuan sare sozialetan zabaldu ziren mezuetan ez zen iraultza politikorik iragartzen (nahiz eta helburua mugimendu ezkertiarren kontu bihurtu nahi izan). Izatez, ez zen sistema kapitalistaren aurkako matxinadarik antolatzen ari. Helburua, hain zuzen, Rolex erloju baten bila joatea edo Apple denda batean sartzea zen. Hor dago, nire ustez, auziaren muina. Gazte horiek sistema honekin gero eta lotura ahulagoa dutela eta kontsumismoaren ideologiaz blai, bidezidor bat lortzeko ahalegin bat besterik ez zela. Izan ere, egunero jasotzen dute mezu bera: ez saiatu sistema aldatzen eta sistemak agintzen dizuna ohiko bidetik lortu ezin baduzu, hackeatu sistema.
«Egunero jasotzen dute mezu bera: ez saiatu sistema aldatzen eta sistemak agintzen dizuna ohiko bidetik lortu ezin baduzu, ‘hackeatu’ sistema»
Hori dela eta, kripto-bro eta gym-bro-en iruzurrak kontsumitzen dituzte, bi pausotan milioidun egingo direla hitzematen dieten ikastaroak ordaintzen dituzte eta apustu etxeen publizitatearekin hazi eta hezi dira. Funtsean, helburua ahalik eta azkarren (eta modu errazenean) desio duten estatus hori lortzean datza. Erlojuak, zapatilak, telefonoak, markazko arropak edo gorputz ideal bat ez dira ideia edo objektu hutsak; estatusaren, arrakastaren eta aitortzaren ikur bihurtu dira.
Kezkagarriena da gazte horien amorruak ez duela irtenbide kolektiborik aurkitzen. Ez dute antolakuntza politikorik bilatzen eta ez dute etorkizun partekatu baten promesik nahi. Horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da haiek bilatzen duten bide indibidual horri irtenbide kolektiboa ematea eta hein handi batean, bada gure ardura erakustea antolakuntza politikoak baino ez dituela egungo gizartearen injustiziak konponduko.

