Gazteszenakoak jakin-mina piztu digu
Ederra poza hartu genuena aurrekoan Gazteszenan kontzertuak egingo zirela jakin genuenean! Zenbat oroitzapen eder ditugun leku horretan. Beti musika erdigunean, giro ezin beroagoan, bihotza betetzen dizuten horietakoak: Ze Premikinak, Ttan Ttakun Festak, Mojo Workin’-ak, talde zoragarrien kontzertuak… Komunitatea sortzen zuten jaialdiak ziren, zoritxarrez, pixkanaka, desagertzen joan zirenak. Eta hauen desagertzearekin batera, Gazteszenako egitaraua ere desagertu egin zen.
Gure kolektibotik beti izan dugu lotura Egiako auzoarekin. Jende asko garen arren, bilerak eta elkarketa gehienak bertan egiten ditugu eta gutako asko bertakoak dira, hau dela eta, beti izan dugu begiz jota Gazteszena. Are, esan daiteke Balio Dute kolektiboak 2015 urteko Ez Dok Amaitu jaialdiaren antolaketa prozesuan eman zituela lehenengo pausoak, oraindik bere horretan existitzen ez bazen ere.
Garai hartako jaialdiak erreferente izan ditugu azken urteetan antolatu dugun Kutixik jaialdia antolatzeko, baina beti izan ditugu trabak jaialdia Egian antolatzeko. Edo hobe esanda, hasieratik eman zitzaigun aukera bakarra Intxaurrondoko kultur etxea izan zen. Eta oso eskertuta gaude aukerarekin, zalantzarik ez!
«Zein da Gazteszena izoztearen arrazoia? Donostia Kulturatik salbuespenak egiten dira dirua jokoan dagoenean? Edonoren dirua?»
Aurreko astekoak, baina, atentzioa eman zigun. Gure balioetatik urrun samar sentitzen dugun Boga Boga jaialdiak, hasieratik leku dotoreak izan dituenak, goizetik gauera bere emanaldi baten kokapena aldatu zuen. Nora eta guretzako leku ezinezko bat zirudienera, Gazteszenara! Badakigu bertan izan zirenek gozatu egin zutela eta askoren ahotan ibili zela areto honen erabileraren gaia. Datu gisara, gehitu nahiko genuke Intxaurrondoko kultur etxean ez zegoela emanaldi publikorik egun horretan. Agian baten batek pribatuki zuen okupatuta, hori ez dakigu.
Beraz, zein da egoera? Gazteszena kontzertuak bertan antolatzeko prest dagoela argi gelditu da. Zein baldintza bete behar da orduan? Zein da Gazteszenaren izoztearen arrazoia? Donostia Kulturatik salbuespenak egiten dira dirua jokoan dagoenean? Edonoren dirua?
Besterik gabe, jakin-mina piztu digu.