George Clooneyk euskara daki
Gorka Etxeberria, bertsolaria
Ez dakit Meltxor, Gaspar, Baltasar edo zein izan zen, baina urtarrilaren 6an kafe makina bat oparitu zidaten. Moda-modakoa gainera, kapsula txiki bat sartu eta 10 segundotan kafea prest. Propaganda egitea ez da nire asmoa, eta markarik ez dut esango… asmatu duzue! George Clooney ateratzen da bere iragarkian. Baina izena ez dut esan. Kapsulak bukatu eta astelehenean Erdialderantz abiatu nintzen ditxosozko kapsula horiek erosteko asmoz. Denda aurkitu nuen eta barrura sartzean harrituta geratu nintzen hango montajeaz. Sei edo zazpi pertsona lanean, pareta osoa kapsula txikiz beteta eta dendaren amaieran kafea dastatzeko gelatxo bat. Baina harritu ninduena, harritu behar ez ninduen gauza bat izan zen. Kapsula txiki horiek birziklatzeko eremuan errotulo guztiak euskara hutsez ikusi nituen. Gauza normala bezala hartu beharko nuke, baina oraindik zaila izaten da hau ikustea; gutxiago kate multinazional batean. Marketin kontuagatik egin dute akaso, baina nire hizkuntz eskubideak errespetatu dituzte behintzat. Zenbat denda egongo dira Donostian, jabeak bertakoak izaki, errotuloak gaztelera hutsez dituztenak? Normalki, kontrakoa irakurtzen da toki askotan. Salaketa gehiago entzuten dira, gauzak ondo daudela entzun baino. Eskerrak ez dizkiot emango enpresa honi, egin beharrekoa egin duelako, baina lan ona egin duela esan nahi diet. Ea behingoz normaltzat hartzen dugun normala dena.