Gezurrezko malkoak
Donostian izandako gertakarien inguruko hamaika hausnarketa plazaratu dira komunikazio hedabide eta sare sozial guztietan. Larunbatean bertan, gertakari hauen inguruko irakurketa argia zabaldu eta ezinbesteko erantzun bateratua antolatzen saiatu ginen Parte Zaharra Aske plataformatik.
200 lagun inguru bildu genituen mobilizazioarekin gazteon aurkako kriminalizazio kanpaina mediatikoa salatu nahi izan genuen, arduragabe edo bandalo moduan aurkezten gaituztelako, atentzioa desbideratu eta pandemiaren kudeaketa kriminalak ekarri dituen ondorio sozioekonomiko larriak estaltzeko asmoz.
Osasun larrialdi batetik haratago, kapitalismoaren egiturazko krisialdi berri baten aurrean gaude eta errepresioa funtsezko tresna izango da askatasun sozial, zibil eta politikoak urratu, mugimendu iraultzaileen jardun politikoa oztopatu, edota finean, orden eta kontrol soziala mantentzeko.
Poliziak duen erabateko inpunitatea ere ezin aipatu gabe utzi; adibide argiak dira pasa den asteetan zehar izandako identifikazio eta katxeo arbitrarioak, atxiloketen unean zein kalabozoetan emandako jipoiak, «erorketengatik» egindako parte medikoak edota adin txikikoak haien gurasorik gabe autoinkulpazioak sinatzera derrigortu izana.
Badago jazarpen poliziala irizpide sanitarioen urrapenarekin justifikatzen saiatuko denik, baina instituzio eta arduradun politikoen lehentasuna herritarron osasun eta ongizate kolektiboa zaintzetik urrun, elite ekonomikoaren interesak defendatu eta irabazi-tasak bermatzea izan da.
Horregatik, elkartasuna antolatzeko eta errepresioari modu kolektiboan aurre egiteko borondatean berretsi gara eta babes osoa adierazi nahi diegu Osasun Larrialdiaren aitzakipean isunduak, jipoituak, atxilotuak edota jazartuak izan diren antolakunde edota herritar guztiei. Ez dugulako Iñigo Cabacasen kasua errepikatzerik nahi, agintari politiko eta instituzional guztien erantzukizuna azpimarratu behar dugu ezbehar bat gertatu aurretik (eta ez ondoren).
Halaber, mugimendu sozialen ardura da gazteriaren ezinegona prozesu iraultzailearen alde engaiatzea, bai eta alkohol eta drogen kontsumora mugatzen den aisialdi ereduari kontrajartzen zaizkion alternatiba erakargarriak eraikitzea ere.
Ez gaitzatela gezurrezko malkoek engainatu…