Gladys gogoan: 'Ez, ez, ez, nuklearrik ez'
Larunbatean, ekainak 6, ohiko omenaldia egingo diogu Gladysi. Urtero bezala, lagunok, borroka kideok eta erailketa bidegabe hura salatzera etorri ohi den jendeak berriro aldarrikatuko dugu duela 47 urte, 1979ko ekainaren 3an, Tuteran aldarrikatu genuena: energia nuklearrik ez, Bardeetako tiro eremua ere ez.
Iaz bezala, Gazako genozidioa gogoan, Gerrarik ez leloa jarri dugu ekitaldia iragartzeko kartelean, baina bertan egingo dugun mintzaldi laburrean garaiko beste lelo bat ere berreskuratu nahi izan dugu: Ez, ez, ez, nuklearrik ez. Gezurra badirudi ere, Txernobylgo hondamendiaren 40. urteurrena den urtean, memoria antinuklearra aktibatzeko beharra sentitu dugu.
Larrialdi klimatikoaren garaian, Europako Batasuneko agintariek, errealitatea mozorrotzeko berezkoa duten zinismoarekin, energia nuklearra «energia berde» gisa sailkatu dute, eta Irango gerraren ondorioz energia fosilen horniketa arazoak areagotu ondoren, energia nuklearraren greenwashing edo zuritze ahalegina gero eta nabarmenagoa egiten ari dira. Gainera, adimen artifiziala dela eta, kapital globalizatua energia kontsumo neurrigabearen aldeko apustua egiten ari da, eta, interes komunaren eta Ama Lurraren aurkako lasterketa eroan, eta, norabide horretan, energia nuklearra proposatzen ari da irtenbide magikoa balitz bezala.
«Gezurra badirudi ere, Txernobylgo hondamendiaren 40. urteurrena den urtean, memoria antinuklearra aktibatzeko beharra sentitu dugu»
Horren aurrean, 47 urte geroago, gogorarazi behar dugu energia nuklearraren arazoek berdin-berdin jarraitzen dutela: uranioarekiko mendekotasuna, segurtasun eza, armagintzarako eta bonba nuklearretarako lehengai arriskutsuen sorrera, hondakin arriskutsuak eta kostu ekonomiko izugarria. Era berean, gogoratu behar dugu proiektu nuklear berri bakar bat ere ez datorrela energia fosil kutsatzaileak ordezkatzera, denak kontsumoaren gehikuntzak bultzatuta datoz, «gero eta gehiago» paradigmarekin bat etorriz.
Larrialdi klimatikoan gaude, eta ez dago lasterbiderik. Bide bakarra dago, energia berriztagarriak bultzatzea, baina energia fosilak ordezkatzeko eta kontsumoa jaisteko, inolaz ere kontsumoa handitzeko.
Trumpek duela gutxi «zibilizazio oso bat hilko da Iranek amore ematen ez badu» esan zuenean, askori Hiroshimako eta Nagasakiko leherketak eta triskantzak etorri zitzaizkigun burura. Izugarrikeria nuklearra! Eta hortik gatoz, hortik dator Gladysek aukeratu zuen borroka antinuklearra.

