Gogoko tokian, aldaparik ez
Hasi da 2023a. Zalantza bat dut, zein egunera arte dago onartua elkarri «urte berri on» esatea? Epemuga bat jar genezake, Gabonen ideiaren luzapen etengabe hau… Urtarrilaren 20ra arte? Hilaren amaiera-edo?
Bakoitzak nahi eta ahal bezala bizi dugu urte baten itxiera eta hurrengoaren hasiera. Amaierak eta hasierak ez dira beti errazak izaten. Xabier Usabiagaren esaldi bat etorri zait burura horrekin estuki lotuta. «Sasiordekan itolarrian dabilena, ito egiten da mendatean». Egutegi txinatarrari begiratuz, aldiz, 2023aren hasiera ez omen da horren zaila izango. Untxiaren urtea dugu eta uraren elementuarekin egiten omen du bat. Untxiaren zeinua bizitza luzearen, bakearen eta oparotasunaren sinboloa da Txinako kulturan, eta 2023a itxaropen urtea izango dela aurreikusten da.
Itxaropenaren urtea omen. Esperantzara kondenatu behar dugu gure burua ala zer edo zer iritsiko dela sinetsi dezakegu? Gure hiriaren onerako izango da? Bota dezagun kiniela: Intxaurrondo osoa komunikatuko duen autobusa ote? Agian hiriko etxebizitzen alokairuaren jaitsiera eta hutsik dauden etxebizitzen kudeaketa gutxienekoa izango da! Metroaren obren behin betiko geldialdia? Auskalo…
Horoskopoak horoskopo, hipotesietatik begirada kendu eta urtarrileko aldapari ekin diogu. Ez dut uste gure auzoko Lizardi, Pilar, Romen edota Garroko aldapak bezain gogorra izango denik. Gabonek suposatu diguten gaindosi erromantikoaren aldean aldapa horiek arinduta sentiarazterainoko sentsazioa dakarte. Parrandatik bueltan nekerik eragiten ez duten aldapak izan daitezke, izotzez eta trabaz josita ez badaude, noski.
Eta, hala da, euriak bere bidetik atera ditu urak. Brasilgo estatu kolpe saiakera, Txinan koronabirus kasuen igoera, Greziako uretan errefuxiatuak erreskatatzeagatik epaitutako boluntarioak… Ero moduan gabiltza denok datorkigun guztia murtxikatu eta urte berri honetarako gure helburu eta asmoak idatzi nahian.
Laster lurrari esnatzeko deia egingo diogu, eta urak bere bidea hartuko du berriro ere. Urrundu gintuenak berriz batuko gaitu… Urtarrilak 13 ostirala, urteak ikusi ez zaitudala. Aspaldi hontan ez dizut idatzi, baina behin ere ez zaitut nik ahantzi.