Gorka Etxeberria: 'Zoriontsua naiz'
Aspaldi hasi nintzen orriak tintaz zikintzen nire barrua askatzeko. Zutabe polit batzuetan ipintzen nituen letrak eta horri poesia deitzen nion. Uste dut ikastolan hasi nintzela poesiak idazten. Irakasleak gaiak aurkeztu bitartean hor ibiltzen nintzen nire kuadrodun kuadernoan letrak txertatzen. Horrela ibili nintzen ikastolako azken urteetan eta institutuan. Akaso, horregatik errepikatu nuen birritan kurtso bera.
Niretzat gordetzen nituen olerkiak hasieran. Baina 16 edo 17 urte nituela Mikelazulo kultur elkartean ibiltzen ziren olerkariekin batera igo nintzen oholtza gainera errezitatzera. Bizpahiru urtez ibili nintzen beraiekin Euskal Herriko herri ezberdinetan gure kezkak eta paranoia txiki horiek azaleraziz. Ikaragarri gustatzen zitzaidan oholtza gainean sentitzen nuena errezitatzen nuen bitartean. Mundua geratu egiten zela pentsatzen nuen ni entzuteko, ikusle guztiak hantxe isilik, eta olerkiak irakurtzen genituen musikaren laguntzaz.
Ez dakit zergatik emanaldiak egiteari utzi genion. Nik, hasieran bezala, nire bakardadean idazten jarraitzen nuen, baina gutxi. 2008an atxilotu eta nik idatzitako olerki guztiak urdinez jantzitako gizonek eraman zituzten. Oraindik komisaldegiren bateko ixkin bateko kajan egongo dira nire ordenagailu barrenean. Asko kostatu zitzaidan ordenagailu berrian olerkiak idaztea.
Baina horri ere, buelta eman diot. Horregatik nago zoriontsu. Argitaratugabeko liburu bat ere idatzi dut, pentsa. Ea egunen batean liburuak ere argia ikusten duen, nire olerki zaharrak argia ikusten apika.
Gainera, duela aste gutxi, Ion Olano idazle donostiarrarekin batera emanaldi xume bat egin genuen Hernanin, Eskutitzak. Oholtza gainean berriro sentitu nuen zirrara hori, zoriontsua nintzen nire urduritasunarekin taburetearen gainean. Ea laster bukatzen dugun emanaldi osoa eta zuek entzuteko aukera duzuen. Ea, gu bezain zoriontsu zareten gure emanaldiarekin. Zoriontsu nago letrekin jolasten berriro hasi naizelako. Ea oholtza ezberdinek harrera egiten dioten poesiari, egungo gizarteak poesia behar baitu.


