Gozatu
Une gozoan iritsi dira Donostiako traineruak Kontxara. Donostia Arraun Lagunak-en kasuan ez da harritzekoa, denboraldi osoan, hasi eta buka, izaten ari baita nagusi; ia inortxok ere ez dio txintik egin eta dena du eskura bosgarren aldiz Kontxa poltsikoratzeko. Hala bada, Galizia eta San Juan berdinduko ditu palmaresean, eta banderak astintzeko gogo horri eutsiz gero, laster izango dugu Donostia lehen postuan Kontxako emakumeen palmaresean. Emakumeen arraunaren uberari nahiko goiz lotu zitzaion Arraun, eta probetxu ederra atera dio klubak. Gozamen ederra dute zaleek azken urteetan, eta hala izango dute ziurrenik igande honetan bertan ere.
Donostiarrako neskak denboraldiko une onenean iritsi dira, behetik gora egin dute iaz bezala. Kontxara sailkatzeak eta bertan emandako mailak hauspoa emango die play-off-erako. Ondo bidean, beste urte batez izango da Donostiarra goi mailan bai emakume bai gizonetan, ez dira klub asko hori esateko moduan. Dena den, gozamen horrek min txiki bat du gorderik zale askorengan, goi mailan elkarrekin aritzeko jaio zena, zergatik hautsi ote zen emakumezkoen kasuan.
«Funtsean, hori da kontua, urte asko eman ditugu orain normaltasunez adierazitako horiekin amesten: Kontxako Banderak etxean geratzea»
Donostiarrako gizonak ere Kontxara ondo iritsi arren, ez dago garbi denboraldiko une gozoena den. Izan ere, denboraldi hasieran, Gipuzkoa eta Euskadiko txapelketetan Oriorekin estu-estu lehiatzeko gai izan zen trainerua. Gero, ligan bere maila onenetik oso urrun ibili ondoren, zalantza zegoen ea Kontxan maila hori berreskuratuko ote zuen. Hiriko zale batzuek bazuten, ETBko esatariek bainoago behintzat bai, Donostiarra maila onenean ikusteko itxaropena eta aurreko igandekoak horretarako balio izan zuen: zale horiei (ez naiz koloreaz ari, jakina) poza ekarri zieten eta hori kolorekoei kezka. Bandera astintzeko balioko ez balu ere, probintzian zehar ibili den honek gozatu ederra izan du aurreko astean eta honetan hor zehar entzundakoak alderatuta.
Funtsean, hori da kontua, urte asko eman ditugu orain normaltasunez adierazitako horiekin amesten: Kontxako Banderak etxean geratzea, ligan goi mailan aritzea… horiek bai inork gutxik pentsatzen zituela aspaldi. Zorionez, azken urteetan, askok bizi izan dituzte bertatik bertara. Eta gozatzea besterik ez dugu, iritsiko dira eta, agian, garai ez hain gozoak.

