Gure hizkuntza: zeinu hizkuntza
Gor komunitatearen ezaugarri nagusia aniztasuna da. Aniztasun horretan, zeinu hizkuntza ezagutzearen garrantzia nabarmentzen da. Zeinu hizkuntza bisuala, malgua eta %100 irisgarria pertsona guztientzat da. Zeinu hizkuntza, euskaldunentzako euskara bezala, ezaugarri bereizgarria da, eta gure nortasunaren zati nagusia. Askotan, lehen hizkuntza, baina beti, gorren hizkuntza naturala da.
Pertsona gor askok ahozko adierazpenik ez egitea erabaki dugu, gure hizkuntzan aritzea erabakitzen baitugu: zeinu hizkuntzaz. Euskara, hizkuntza minoritario, gutxitu eta historikoki zapaldua izan da. Zeinu hizkuntzak euskararen historiarekin antzekotasun handia duen hizkuntza da: ofizialki debekatua izan zen hezkuntza-eremuetan, mespretxatua eta bigarren mailako hizkuntzatzat hartua, pentsamendu abstrakturako eta akademikorako egokia ez zena.
Pertsona gorren hezkuntza gure ustezko mugei buruzko aurreiritziek markatu dute, eta etengabe (gaur egun ere) gure gaitasun intelektualak eta hizkuntzak ikasteko gaitasunak jarri dituzte zalantzan. Aurreiritzi horrekin ahozko hizkuntzaren garapenean ahalegin osoa egin zen, haur gorrei hitz egiten eta soinuak errepikatzen irakatsiz. Logopedian ahalegin itzela eta beharrezko orduak hizkuntza erabilgarrienaren (errendimenduari dagokionez) aldekoa zen: gaztelaniaren alde. Ondorioz, ofizialki, gorrak diren pertsona asko euskara ikastetik salbuetsita egon dira. Praktikan, gure hizkuntza ere baden euskara ikasteko, ezagutzeko eta maitatzeko eskubidea ukatu egin digute.
Euskal gorrak aktiboki ari gara lanean pertsona gorrak euskal gizartean integratzeko bidean oztopoa dena ezabatzeko; izan ere, enplegu publikoko lanpostuetan, beka akademikoetan eta abarretan sartzeak dituen ondorioez gain, ondorio larriagoa informazioa eskuratzean datza. Gure auzoetako bizitzan parte hartu, herriaren informazioa eskuratu, kultura barneratu, euskarazko harremanak eraiki… Hizkuntzak, kulturarekin batera, mundu berrietara sartzeko atea dira beti. Euskal gorrok gure kulturara, euskarazko ekoizpenera, zinemara, bertsolaritzara, euskarazko literaturara goxatu ezin izaten dugu.
Argi esan behar da: ezin zaigu eskatu 40 urtean eman ez zaiguna, curriculum-egokitzapenak egin beharko dira eta ahalegin handia egin beharko da euskara irakasteko. Eta badakigu gure komunitate barruan sentsibilizatzeko eta normalizatzeko lana luzea izango dela, baina hasi gara.
Batzorde berriak hirueletasunaren alde egiten duen apustuan (zeinu hizkuntza, gaztelera eta euskara), hainbat ildo ireki ditugu: 2019an Korrikan lehen aldiz parte hartu genuen, Ibilaldian zeinu-hizkuntza izan zen, Topagunearekin harremanetan gaude, Euskaltzaindiarekin, Kontseiluarekin eta HABE bezalako erakundeekin, normalizaziorako bidean lagun izango diren erakundeekin, alegia.
Eta, batez ere, gorrek euskara ikasteko, erabiltzeko eta irakurtzeko eskubidea dugula aldarrikatzen dugu. Gorrek zeinu-mintzairan eta euskaraz bizitzeko eskubidea dugu.