Gutuna: 'Elorzak ondo egin duena'
Juanmi Galatas, Añorga
Zalantzarik ez dago Odon Elorzak, gauza batzuk ondo egin dituela eta beste batzuk ez hainbeste. Urte asko izan dira udalean eta ezinezkoa denen gustuko lana egitea. Nire helburua ez da 20 urte hauek aztertzea; hondakinen gaira mugatuko naiz. Ulertzen dut bere garaian onartu ziren hainbat erabaki ahaztuak izatea, eta badirudi hori dela egun udalean dauden Odonen alderdikide batzuei gertatzen ari zaiena. Duela 10 urte –2002ko martxoaren 25ean– udalbatzak Hiri-Hondakinak Biltzeko Udal Ordenantza onartu zuen; egun indarrean dagoena, ondoren aipatzen diren artikuluetan eraginik ez duten 2010eko ekaineko aldaketa batzuekin. 11.1 art. Udalak ikuskaritza egiteko ahalmena izango du(…). 11.2 art. Hondakinen erabiltzaileek(… )agintariei ahalik eta laguntzarik handiena emateko betebeharra dute(…) ikuskaritza, (…)egiteko baimena eman… Egungo udal gobernuak puntu hau bete besterik ez du egin. Azken hilabeteetako ikuskaritzen ondorioz, Denis Itxasok protesta egin aurretik, jakin beharko luke bera udalean sartu baino urtebete lehenago onartu zela artikulua. Ala, Denis, zuen helburua ez da izango egungo udalaren funtzionamendua boikotatzea? 23.1. art.(…)material berreskuragarriak gainerako hiri hondakin solidoena ez bezalako erregimen baten bitartez arautzen dira… 23.2 art. (…) birziklagarri diren beste hondakin mota batzuk gainera dakizkieke aurrerantzean… Hamar urteren buruan inork ez du zalantzan jartzen materia organikoa material birziklagarrien zerrendan ipintzea. 40. 1 art. Zerbitzuaren erabiltzaileek (…) adierazitako edukiontzietan utzi behar dituzte gaikako bilketa erregimena ezarri zaien hondakin berreskuragarriak, eta berariaz debekaturik dago elementu horiek berez dagokien lekutik kanpo botatzea. Ordenantzak puntu interesgarri gehiago baditu eta aurrerakoia da birziklapenaren ikuspegitik. Hondakinen inguruan egun dugun eztabaidan aurrera pauso garrantzitsua litzateke udal gobernuak hau aplikatzea, bere garaian onartu zuten talde politikoen babesarekin, eta, beti ere, gaian sakonduz. Bukatzeko zoriondu Odon eta ordenantza onartu zuen udalbatza, baina gauza bat ez zait argi geratzen: Zertarako onartu gero hamar urtean ez aplikatzeko? Zergatik ez dira urteotan 40. artikuluaren derrigortasuna bermatuko duten mekanismo eta sistema egokienak eztabaidatu?