Hainbat proposamen, Urgull hobetzeko
Udalak Urgulleko komunak saneamendu-sarera lotzeko lanak behingoz egingo dituela iragarri duela eta, pozik da Eguzki. Abuztuan salatu genuen komunetako ur beltzak zuzenean mendira isurtzen zirela. Are gehiago, arazoa ezkutatu nahian edo, isurtzen ziren harresi historikoa zulatuta, tutu baten bidez.
Gure salaketak oihartzun zabala izan zuen. Orain, berriz, udalak ur beltz horiek saneamendu-sarera bideratzeko lanei ekingo diela iragarri du. Beraz, esan bezala, pozten gara. Lanak hasi bitartean, baina, proposamen batzuk egin nahi ditugu.
Lehenengoa da Damen baterian beste komun publiko bat jartzea. Haur Liburutegi ondoan badago bat, baina itxita egon ohi da. Gune horretan, udan, astearte eta ostegunetan batez ere, ehun gazte atzerritar baino gehiago biltzen dira. Hor egoten dira kontu kontari –eta edaten, noski– eguzkia sartu arte. Askok beren beharrak baterian bertan eta bolborategira igotzen diren eskaileretan egiten dituzte.
Bigarren proposamena da gune horretan beira eta ontzi arinak gaika biltzeko bi edukiontzi txiki (200 litrokoak) jartzea. Udan, behintzat.
Hirugarren proposamena da Urgull ixteko ordua udan atzeratzea. Jende asko joaten da eguneko azken eguzki-errainuak ikustera. «Klasiko» bat da. Baina ateak 21:00etan ixten dira, hau da, oraindik argia dagoenean. Gauzak horrela, jende askok ustekabe galanta hartzen du barruan itxita geratu delako edota ateratzeko buelta handia egin behar duelako. Horrek konponbide erraza du: maiatz, ekain eta uztailean, behintzat, udaltzainek 21:00etan itxi ordez, 22:00etan ixtea. Neurri horrek susto bat baino gehiago saihestu dezakeela uste dugu