Hartu nahi dut arnas
Unai Gaztelumendi, bertsolaria
Azken asteotan mundu osoa Japonia aldera begira dago. Munduak dar-dar egin du eta gu ere dardarka jarri gaitu. Dena kontrola dezakegula uste dugunean, naturak mahai gainean ukabilkada jo du eta erakutsi digu guk bera beharrean, berak gu kontrolatzen gaituela. Gaur egun arazorik sortuko ez omen zuten zentral nuklearrak ere zauritu ditu tsunamiak. Fukushiman ireki da zauririk sakonena, eta odoletan ari da hango zentral nuklearra, odol erradioaktibotan. Eta gaur denak Fukushimara begira, denak negarrez, denak errukituta. Baina bihar? Bihar zer? Biharko ahaztuta izango dugu zer hondamendi ikusi dugun, malkoak lehortuta izango ditugu eta errukia agortuta. Eta ezer gertatu ez balitz bezala jarraituko dugu zentral nuklearrak eraikitzen. Zentral nuklearrak, erraustegiak…
Eta horren aurka elkartu ginen martxoaren 20an 3.000 lagun Zubietan. Gure inguruaren eta gure osasunaren aurka egin nahi duten astakeria bati ezetz esateko. Baina igande hartakoa ezberdina izan zen. Manifestazioz eta kontzentrazioz nekatutako herri honetan, protesta beste era batean egin genuen. Festa giroan, gazte eta zahar dantzan jarri ginen. Gure gerri gogortuak biguntzea kosta zitzaigun. Orain arte dantza barra ertzean oin bat gora eta behera musikaren erritmoan mugituz egitera ohitu garenontzat ez zen erraza izan. Grazia egin dit interneten argazkiren bat ikusteak, badirudi gure koadrilakoak beste koreografia bat ari ginela dantzatzen… Baina hori gutxienekoa da. Balio duena inposatu nahi diguten erraustegiaren aurka 3.000 lagun elkartu ginela da. Eta pentsatzen dut oso garrantzitsua izango zela, esanahi berezia izango zuela, zubietarrentzat, ez daudela bakarrik erakutsi genien. Gipuzkoako herri askotako jendea baikeunden bertan. Batzuek jarraituko dute egunkarietan agertzeko lehen harria jartzeko ekitaldi ponpoxoak egiten, baina pertsona asko eta asko izango gaituzte aurrean.
Lana egin beharra dago, protesta egin beharra dago, ezer gertatu ez balitz bezala jarraitu ez dezagun zentral nuklearrak eta erraustegiak eraikitzen. Eta ozen esan, beste aldera begira dauden horiei ez direla pasako, hartu nahi dugula arnas! Errausketarik ez!

