Haurrak ala immigrante, errefuxiatu eta arrazializatuak
Azken urteotan, Euskaraldiaren eskutik, hizkuntzak indartzeko eta erabilpena zabaltzeko estrategia bat topatu du azkenik. Biba asmatzailea eta zabaltzea lortu duten lagun guztiak.
Euskarari buruz, eta immigrante, errefuxiatu eta arrazializatuez ari garenean, bazebilen eta oraindik badabil zaratatxo bat, esanez hauek guztiak direla euskararentzako arriskua edo itxaropena, euren gain jarriz hizkuntzaren ardura guzia.
Okerreko planteamendua dela uste dugu. Hemen jaio eta bizi diren pertsona askok ez dute euskara ikasi, eta beste askok ez dute erabiltzen. Hori erakunde publikoetako kargudunetan, alderdi politikoetan, kazetarietan, enpresaburuetan, intelektualetan, irakasleetan, sendagileetan, eta askotariko langileetan ikus daiteke. Jendarteko arlo guztietan. Guk uste dugu hizkuntza lehen aipatutako kolektiboak bertakotzeko giltzetako bat dela, ez euren gain hartu behar duten betebehar bat. Etorri berriek baino, uste dugu euren seme-alabek erabiliko duten hizkuntzetako bat izango dela euskara. Historian zehar esperientzia hori izan dugu estatuko beste herrietatik etorri diren lagunekin.
Haurrei dagokionez, beldur gara ez ote diegun gurasoei behar bezala azaltzen zein garrantzitsua den euren seme-alabak euskaraz heztea. Ez ote diegun ezkutatzen horrek ahalbidetuko diela bertakotzea eta lan aukera guztietarako sarbidea; euren etorkizuna baldintzatu dezakeela. Ez dugulako benetan uste gure aukera berdinak izatea merezi dutenik. Beldur gara, aplikatzen diren hezkuntza politikek oraindik ez dutelako betetzen euren zeregina, eta ez dituztelako hezkuntzan behar diren baliabide guztiak jartzen, haur hauen eta guztien beharrei erantzun egokia emateko.
Beldur gara, eskoletan oraindik haur horiekiko aurreiritzietan oinarriturik lan egiten delako. Haur iritsi berriak edo atzerritarren bertan jaiotako seme-alabak, maiz bestelakotu egiten ditugulako, exotikotzat hartzen ditugulako. Beldur gara, askotan ez ote ditugun gutxiesten, baliabide falta eta barneratutako bakoitzaren arrazakeria dela eta. Iritsi berriak badira, ez dugula ezer esperoko haur hauengandik eta hala tratatuko ditugula. Pigmalion efektuaren alde perbertsoena: Ez dut zutaz ezer espero, eta hala erakutsiko dizut; beraz, ezer ez ematera ohituko zara, porrotaren gurpil zoroan sartuz.
Beti izan da plurala jendartea. Beti izan dira pluralak gure eskoletako gelak. Baina ez ditugu pertsona horiek ikusi eta onartu nahi izan, eta homogeneizatu egin ditugu, horrek pertsona bakoitzarentzat zein gizarte osoarentzat dakarren galerarekin. Immigrante, errefuxiatu eta arrazializatuek aniztasun hau azaleratu eta ikusgarriago egin dute. Besterik ez.
Hizkuntza pertsona horientzako eta guztientzako aukera baten moduan ikusten dugu. Jarraipena guztien eskutan dago. Erakunde publikoetatik hasita, eskola, komunikabide, hezitzaile eta gizartean egiten dugun ororenganaino.
Zorionez, ezagutzen ditugu beste modu batean lan egiten dute eskola eta irakasleak. Berdintasunetik, aintzatespenetik, feminismotik eta antirrazismotik lan egiten dutenak. Baina gehiago behar ditugu. Eta ezagutzen ditugu haur euskaldun berriak eta euskaldun zaharrak. Haur horiek helduak ere izango dira. Eta irrikaz gaude hizkuntzera eta jendartera begirada, bizipen eta istorio berriak ekarriko dituzten idazleak, abeslariak, poetak, bertsolariak, irakasleak, politikariak, kazetariak ezagutzeko. Jada ezagutzen ditugu batzuk. Gehiago etorriko dira. Guztion zorionerako.
Anaitze Agirre Larreta, SOS Arrazakeriako kidea eta EHUko irakaslea | Loira Manzani, SOS Arrazakeriako Hezkuntza arduraduna