'Hautetsi, atxikitu zaitez Udalbiltzara'
Igor Eguren, Iratxe Lopez de Aberasturi eta Maite Iturre, Udalbiltzako talde sustatzaileko kideak.
Udalbiltza Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarra berrantolatzeko sortu zen talde sustatzaileak deituta, martxoaren 2an (larunbat honetan) Udalbiltza berrantolatzeko batzarra egingo dugu Donostian, Viktoria Eugenia antzokian (10:30). Dagoeneko 1.227 zinegotzi eta alkate pasa dira berrantolaketarako atxikimendua eman dutenak, 393 udaletakoak. Deialdia Euskal Herriko ia 7.000 hautetsiri egin genien, 1999an Udalbiltzaren sorreran Bilboko Euskaldunan ezarritako bost printzipioekin aldarrikapenarekin bat egiten duen orok parte har dezan. Iazko martxoan hasi zuen talde sustatzaileak lan hau. Esan dugu: 1.200 hautetsi pasa gara jadanik. Gehiago izan nahi dugu. Horregatik, oraindik atxikimendua eman ez dutenei euren udaletxera gonbite hori eginez gutun bat helarazi berri diegu, baita e-postaz ere. Eskualde honetan ere badira oraindik atxikitu ez diren alkate eta zinegotziak. Udalbiltzako talde sustatzaileak haiek ere nahi ditu nazio eraikuntzarako lanean. Haiei dei egiten diegu —eta bereziki Euskal Herria aintzat hartzen dutenei— Udalbiltzari atxikimendua eman diezaioten, eta sostengua emana dugunokin batera larunbatean Donostiako batzarrean izan daitezen. Euskal Herria nazioa dela aldarrikatu, Euskal Herriaren egituraketa politikoa eraikitzen lagundu, nazio eraikuntza bultzatu, herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen lagundu eta nazioartean Euskal Herria nazioa dela adierazi; horiek dira Udalbiltzaren sorrerako bost irizpideak. Ezin dugu aukera galdu; guztion artean egin behar dugu Euskal Herria. Hemen eman dezakete zinegotzi eta alkateek atxikimendua.