Helduok heldu
Euskaraldiak atseden hartuko duen urte honetan, Topaguneak ariketa zehatz bat burutzea proposatu digu guraso eta zaintzaileoi: Haurren aurrean, helduok heldu. Egoeraren larritasuna ikusita, gure eskola komunitatean gogo handiz heldu diogu erronka honi. Ez dakigu intzidentzia maila zenbatekoa izango den, baina larritasun epidemiologiko, klimatiko eta abarren artean hizkuntza politikak berrogeialdian daudela ikusirik, eremu gorrian aspaldi sartu ginela baieztatu dezakegu.
Amara, Morlans eta Amara Berri auzoetan, Donostiako ikastetxe eta auzo gehienetan gertatu daitekeen moduan, gure seme-alabak eskolan hastearekin batera hasi ginen guraso asko hizkuntza ohituren inguruan hausnartzen eta gogoetak partekatzen. Ikasturtez ikasturte euren seme-alaba eta gelakideen euskararen erabilera ikusirik, guraso asko izan dira kezka eta arduraz euskara batzordera gerturatu direnak.
Gure eskolaren aniztasunak familia eredu, jatorri eta maila sozioekonomiko ezberdinetako errealitateak ezagutzeko aukera ematen digu, eta aniztasun hau ere argi eta garbi azaltzen zaigu euskararekiko ikuspuntu, jarrera eta ematen zaion balioan: euskaraz bizi diren eta bizi nahi duten familiak ditugu; euskaraz dakiten familiak, baina erabiltzen ez dutenak (edo seme-alabekin soilik erabiltzen dutenak); euskaraz ez dakitenak, baina erabili ahal izateko ikasten ari direnak; euskara euren seme-alaben formakuntzarako tresna huts gisa ikusten dutenak; edo, besterik gabe, euskara eskolako hizkuntzatzat duten familiak.
Errealitate anitz honen aurrean, guk argi dugu euskaraz bizi nahi dugun gurasook hartu behar dugula iniziatiba, eta gure esku dagoena egiten hasi, saretuz eta eredu izanez. Baina, betiere, nondik gatozen ahaztu gabe, eta aniztasun hori presente izanik, urteetan eraikitako hizkuntza ohiturak aldatzea erronka handia baita. Hausnarketa, gogoeta eta kontraesanen artetik sortutako erabakia behar du izan, erabaki kontziente bat. Kontuan izan behar dugu haurrekin eta haurren aurrean erabiltzen ditugun hizkuntza edo elkarrizketa arauak gure arteko ohituren oinarri izango direla.
Gure artean (eta erakunde publikoetan zeresanik ez), belarriprest aktibo eta ahobizi pasiboak (berdina ez badira) ugariak diren honetan, eredu izatea eta euskararekiko oinarri batzuk finkatzea eta hausnarketa bat egitea nekagarria izan liteke zeharo, etxetik gertu duzun McDonald’s batean afaltzea, erosoagoa, azkarragoa eta merkeagoa denean, baina, gure ustez, ezinbestekoa da. Eta egia da, nahikoa daukagu gure egunerokotasunarekin: gosaria prestatu, arropa aukeratu, «hamaiketakoa hartu duzu?», «musika eskola?»… Bai, inolako laguntzarik gabe, bakar-bakarrik egiten dituzun egun luze horietan ez al da errazagoa Disney Channel edo Netflix jartzea? Erdara hutsean… Beraz, Ruper Ordorikak zioen moduan, «inork ez zigun esan euskaldun izatia zein nekeza dan», eta, guk, euskaldun izateari guraso izatea erantsiko genioke.
Kontua da ohiturak gure eguneroko jardunarekin eraikitzen ditugula eta gure seme-alaben hezkuntzan eragiten dutela. Elikagai osasuntsuak edo jostailu hezkideak aukeratzen saiatzen garen moduan, hizkuntzak ere, erabaki horietan, bere lekua behar du. Eskolak ezin ditu, berak bakarrik, gure seme-alabak baloreetan oinarritutako praktika egokietan hezi, ezta euskaldundu ere.
Horrela, egoera nahasi, eta askotan etsigarri honetan, pozez eta itxaropenez jaso dugu eskolako hainbat gurasok euskararen inguruko beraien bizipenak gu guztiokin partekatzera animatu izana. Errealitate oso ezberdinak bizi arren, (kanpoan urte askotan bizi izandako donostiar baten eta euskaldun berri kataluniar baten arteko elkarrizketa; A ereduan ikasitako donostiar baten gogoeta zintzoak; erdarazko harremana zuen bikote baten bizipena, euren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskarazko harreman berri bati aukera eman nahi diona; eta azkenik, konfinamendu garaian ipar polotik etorri zen pinguino euskal hiztun baten abenturak, zeinak etxeko guztiak euskaraz hitz egiten jartzen dituen…) guztien helburu eta nahia bera da: bi aste hauek baliatzea konpromiso eta erronka berriak hartzeko, eta euren hizkuntza ohiturak pixkaka aldatzea.
Horregatik, beraien egunerokotasunean hausnarketarako tarte bat hartu duten guraso guzti hauei aitortza eman nahiko genieke Amara Berriko Guraso Elkarteko Euskara Batzordetik, euren hizkuntza praktikak aldatzen saiatzea, hausnarketa eta gogoeta horien eskutik etorriko direlako. Datozen bi asteotan gurasoak eta familiak esperientzia eta errealitate gehiago partekatzera animatu nahi ditugu, bizipen guztiek ematen baitigute zer ikasia!!
Honetaz gain, eskolarekin elkarlanean, mendi buelta batek eman dio hasiera egitasmoari, familien arteko euskarazko harremanak sustatuz, gure ingurunearekin gozatzearekin batera. Gainera, Amara, Morlans eta Amara Berriko plaza eta parke hainbatetan mintzaguneak antolatu ditugu ostegunetan, elkarren artean bildu eta gure konpromiso eta erronkak horma irudietan jasotzeko.
Beraz, haurren aurrean erreferente izan bagarelako, heldu diezaiogun erronkari eta izan gaitezen heldu eta eredu. «Zaindu maite duzun hori!»
Oier Basurko Barajuen eta Larraitz Zalla Irigoien, AMARA BERRI GURASO ELKARTEKO EUSKARA BATZORDEA