Herritarrek eskertuko lukete
Aritz Sorzabal, kazetaria
Udalbatzarra izan zen herenegun, eta ez atzo, Patxi Lopezek gobernatutako Eusko Jaurlaritzak urriaren 25a jaieguna izango zela duela pare bat urte erabaki zuelako. Bildu greba egunean udalera joan ez izana kritikatu zutenek egin zuten ostegunean jai udaletxean: greba egunean Martutenen uholdeak gertatuz gero udal gobernua non egongo ote zen galdetu zuten berberek; BEZaren igoera Donostiabuseko tarifetan aplikatzeko ez ohiko udalbatzarra irailean egiteagatik, eta ez lehenago udako oporrak zirelako, kritikatu zuten horiek; hiriaren interesen alde izanez gero, Aste Santuan edo Gabonetan bildu behar bada, bildu behar dela esan zuten berberek. Horiek guztiek jai eguna hartu zuten atzo, euria barra barra egin bazuen ere, Martutene eta Loiola duela egun gutxi alerta egoeran izan arren, krisi garaian hiriaren interesen alde egiteko egunak soberan ez daudenean. Honekin ez dut esan nahi jai eguna izateko eskubiderik ez dutenik, besteren begian edozein samar ikusteko iaioak direla baizik. Hain zuzen ere, kritika horixe bera egingo nioke Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberria jeltzaleari. Herenegungo udalbatzarra bertan behera utzi zuen Bilduko zinegotzi batek, eskuko telefonoarekin, saioaren zuzeneko kontakizuna Twitterren bidez egiten ari zelako; gaixo dauden presoei buruzko eztabaidari heldu ziotenean, hain justu –kasualitate hutsa?–. Bada, atzoko egunkarian argitaratutako erreportaje batean esan genuen gero eta ohikoagoa bihurtu dela sare sozialen erabilera udalbatzarretan, oposizioak batez ere eztabaida piztu ohi duela Twitterren; Etxeberriaren alderdikideek, tartean. Samarra besteen begietan ikustearen adibide berri bat. Batzuek zein besteek, hobe lukete halako ika-mika antzuak alde batera utzi eta, jai egunetan bai eta gainontzekoetan ere, herritarren benetako kezkei erreparatuko baliete. Ez dira garai onenak indarrak txorakerietan xahutzeko. Herritarrek eskertuko lukete.


