Herritarren mobilizaziorantz
Euskadiko pentsiodunen mugimenduak 20 hilabete daramatza borrokan. Denbora horretan, pentsio eskasak direla-eta pentsiodun askok eta askok, bereziki emakumeek, dituzten estutasun egoerak agerian jartzeko gai izan gara. Borroka horri esker pentsioen inguruan sortutako mitoak eta esandako gezurrak ere salatu ahal izan ditugu, behin eta berriz adierazten baita pentsioen sistema publikoak porrot egin duela, eta ez dagoela pentsioak ordaintzeko diru-sarrerarik.
Beste edozein gizarte-mugimenduren antzera, belaunaldien arteko elkartasunak gidatzen gaitu, eta horregatik esaten dugu etorkizuneko pentsioen alde ere ari garela borrokan; izan ere, 2011ko eta 2013ko lan-erreformen ondorioz, eta azken hamarkadetan lehenbiziko aldiz, azken pentsioak aurreko urteetakoak baino baxuagoak dira.
Era berean, Euskadiko biztanlerian hainbat sektorek ezin dituzte euren oinarrizko premiak ase, eta egoera horretan 130.965 pertsona daude Euskadin. Bestalde, langile askok ezin dituzte bizimodu duina izateko baldintzak lortu kobratzen duten soldatarekin. Emakumeen kasuan, batez ere zaintza-lanaren eta hirugarren sektoreko enpleguaren ondorioz, aldi baterako lanen eta lanaldi partzialeko lanaren ondorioz, soldata-pobrezia nabarmena da.
Euskadiko pentsiodunen mugimenduak uste du iritsi dela gure borroka biztanleriaren beste sektore batzuen borrokarekin (langileen mugimendua, mugimendu feminista, ikasleak edo egoera ezegonkorra duten gazteak, egoera zailean dauden autonomoak, dendari txiki eta ertainak) bateratzeko unea, eta herritarren mobilizaziorako deia egiten dugu azarorako, soldata eta pentsio publiko duinen alde.