Hezkuntza eta kalitatea: askotan bat ez datozen kontzeptuak
Kalitate kontzeptua asko erabiltzen da gure eguneroko jarduneko hainbat esparrutan: airearen kalitatea, jakien kalitatea… Kalitatea bermatzen duten ziurtagiriak ere badaude eta horiek lortzeko hainbat irizpide bete behar ditu ebaluatua edo epaitua izaten den produktuak, zerbitzuak…
Hezkuntzan ere behin eta berriz hitz egiten da kalitateaz. Hezkuntza legedien arabera: «Oinarrizko Hezkuntzaren xedea da gizakien ahalmenak osorik garatzea eta hauekin batera pertsona guztiek izan beharreko oinarrizko gaitasunak lantzea, norberaren errealizazioa eta garapena lortzeko, herritar aktiboak izateko, gizarteratzeko eta enplegua lortzeko». Hau honela, ikasle guztiek adierazitako helburua lortzen ez badute, hau da, ikasle guztiek eskolan arrakasta izatea lortzen ez badute, Hezkuntza kalitatezkoa ez dela ondoriozta dezakegu.
Hezkuntza edozein haur zein gaztek izan beharko lukeen oinarrizko eskubideetako bat da, ikasle bakoitzak duen beharrei erantzun beharko liekeena, «… denentzako eskola, ahalik eta garapen pertsonal handiena lortzeko…» Hezkuntza Sailaren arabera. Baina «esana da erraz eta egina garratz». Ikus dezagun:
Nolakoa izan beharko luke orduan kalitatezko hezkuntzak?
Inklusiboa:
Hezkuntza sistemak egun gizartean dugun aniztasuna kontuan izan behar du: hizkuntza aldetikoa, kulturala, gaitasunei dagokiena, sexu-joera eta generoa kontuan hartuko dituena, egoera sozioekonomikoa eta abar, baina hau ez da egunerokotasunean betetzen. Egia da ikastetxeek Hezkuntza Plana dutela, nork berea, eta bertan arestian esandakoa hitz politez islatuta dago administrazioak hala exijitzen duelako, eta irakasleon lana egiteko planaren oniritzia ezinbestekoa delako. Baina, tamalez, planean idatzitakoa ezerezean geratzen da, «esanak haizeak daramatza». Alabaina, ez da eskola komunitatearen ardura eta interes faltagatik, baliabidea faltagatik baizik: espezialistak badaude, baina ez egoerek eskatzen duten behar beste ordutan.
Konpetentzien garapena ziurtatuko duena:
Derrigorrezko Hezkuntza amaitutakoan gizartean topa ditzaketen egoerei aurre egiteko gai izango diren gazteak dira gure helburu. Edukiei baino gehiago benetako egoerei garrantzia emango dien hezkuntza sistema behar dugu: zertarako ikasi hainbat eragiketa ondoren erabiltzen ez badakizkite? Zertarako ikasi buruz hainbat gai, ondoren testuinguruarekin lotzen ez badakite? Zertarako ikasi hizkuntza edukiak, berauek erabiltzeko egoerak eskaintzen edo topatzen ez badituzte?
Argi dago ikaslearen ikas prozesua dela ebaluatu behar duguna, baina ez dugu formazio egokirik, ez eta ordu eta ratio antolaketa egokirik ebaluazio egokia egoteko.
Benetan euskalduna:
Euskara da gure hizkuntza, euskaraz irakasten dugu eta euskaraz bizi nahi dugu. Gure ikasleek euskal eskolan ikasten dute, eta hizkuntzen eredu sisteman sartu gabe, benetan euskaraz komunikatzeko ikasleak izaten al dira? Euskaraz egoki aritzen diren ikasleak al ditugu? Gehienak txikitatik jaso duen hizkuntzan lasai aritzeko gai al dira? Bada, azken urteotan ikasleen euskara kalitateak behera egin du eta PISAk argitaratu dituen azken datuen arabera, beste ikasgaietako ulermen maila ere jaitsi egin da, arrazoia euskara izanik, eta ez arloa bera.
Eta, zer gertatzen da, arrazoiak arrazoi, Euskal Herrira datozen ikasle etorkinekin? HIPI saioek haur edota gazte hori euskaldunduko dute? Bada, ez. Demagun: 13-14 urterekin Euskal Herrira etorri den gazte batek euskalduntzeko aukera izango al du astean lau orduz HIPI jasota? Zalantzarik gabe, ez. Non dago ikasle hauek euskalduntzeko interesa? Edota zergatik beste zerbait egiteko hainbeste zailtasun eta oztopo?
Ikasleak eleaniztunak izan daitezen lagunduko duena:
Betiere euskara lehenetsiz; izan ere, ezin ahantz dezakegu diglosi egoeran bizi garela. Beste hizkuntzak ikasteko eta garatzeko aukera emango duen hezkuntza sistema behar dugu.
Irakasleria egonkorra:
Ikasleek ikaskuntza prozesu egokia izan dezaten, ezinbestekoa dugu irakasleon egonkortasuna eta berau lortzeko EPEak ez diren sistema egokia. Noiz arte ordezkoon zerrenda? Noizko irakasleon bizileku eta destinoaren bateratasuna?
Ikasle kopurua edo ratioa:
Jakina da azken urteotako hezkuntza grebetako aldarrikapen nagusietako bat dela, izan ere, 25-30 ikasle dituen talde batean nekez arituko da irakaslea ikasle bakoitzari behar duena eskaintzen. Hain zaila al da ikasle kopurua txikitzea eta irakasle gehiago kontratatzea?
Ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza plana garatzeko askatasuna:
Ikastetxe bakoitzak duen errealitatea kontuan hartuko da beharrezkoa den antolaketa egiteko: ikasle kopurua, irakasle kopuru eta banaketa, tutoretza kopurua, espazioa… Ikastetxe guztiak ez dira berdinak, auzo eta herriak ez diren bezala, eta beraz, bakoitzak bere plana behar luke.
Honetaz guztiaz gain, zaintza eta kontziliazioa bermatzen dituena, egoki prestatutako Zuzendaritza eta lantalde egonkorra duena, jendartearen era hezkuntzaren beharrei erantzungo dien finantzaketa duena…
Hain zaila al da benetan kalitatea duen Euskal Hezkuntza sistema izatea? Gure ustez ez, borondate politikoa besterik ez da behar, eta jakina, lan egiteko gogoa. Noizbait lortuko dugulakoan, irakasleok hau lortzeko lanean jarraituko dugu eta zalantzarik ez izan, bien bitartean, gure ikasleei behar dutena ematen saiatzen jarraituko dugula, kosta ahala kosta!
Garoa Gonzalez eta Leire Gallastegi, DBHko irakasleak