Hiri bat itzultzeko modukoa
Ez «lotsagarria UBIKeko bitartekarien egoera, ezta?»; ez «Nahikariren kontratu berritzea zer iruditu zaizu?»; ez «lortu duzu aurten posta bidezko bozarena ondo egitea?»: munduan barrena deserriratuta gauden bi donostiar batzean elkarri egiten diogun galdera beste hau da: «Zure etorkizuna Donostian (edo inguruetan) irudikatzen duzu?». Eta erantzuna baiezkoa. Kasuen %97,5en, gutxienez. Berdin du ikasteko, lan duinagoen peskizan, ihesi, maiteminak jota edo bizitza eredu alternatiboen bila egin dugun alde.
Izango da haurtzaro ideializatu baten nostalgia, kuadrillaren edo auzotarren babesaren premia, euskaraz bizi nahia, edo sinpleki, ustezko jubilazio akomodatu —izango dugu halakorik?— baterako zaila dela irudikatzea leku aproposagorik: metroa, Olatu Talka, Koldo Mitxelena berberritu eta guzti. Itzuli nahi izateko moduko hiria tokatu zaigu. Hori bai: ahal dela, presarik gabe. Ez baitago itzulera (itxuraz) definitiboa baino beldur gehiago eragiten duen ezer. Hasteko, kalkulagailuak esaten duenagatik. Edo familia bueltan arrazoizko alokairuaren truke etxebizitza bat eskainiko dizun norbait duzu, edo sekulako lan-postua lortuta zatoz. Gainontzean, ahaztu etxe egonkor bat izateko aukera. Alokairu puztu eta konpartitu bat bilatu beharko duzu; eta eskerrak eman jabeari, erabaki duelako baietz, uda honetan utziko dizuela etxean geratzen.
Ez da hori bakarrik. Munduan barrena zabiltzanean zama guztiak dira arin: dena da tenporala, noizbait lagunei harro samar kontatuko diezun abentura exotikoa, zure bizi-kurrikulumean ondo emango duen esperientzia; berdin du ona edo erdipurdikoa den. Itzulerarekin ordea, mamu zahar-berriak ere badatoz: amonaren «eta bikotekidea zer?» galderak, militantzia espazioetako aldaketa azkarrak ulertzeko ahaleginak, eta gero eta lagun gehiagoren presak: «ez bota dirua alokairuan, komeni da etxea erostea, lehenbailehen».
Baina ez, ez da hori bakarrik. Gogoan duzun Donostia horren oso bestelako bat aurkituko duzu bueltan. Litekeena da zure taberna eta elkargune kuttunak jada itxita topatzea. Edo konprobatzea lagunek itsasoan bainatzeari utzi diotela, lehen batzen zineten leku hartan Woody Allen-en film berria grabatzen daudelako egun. Apostu egingo nuke: zure auzoan zer eskaintzen duten ere ulertzerik ez duzun dozenaka komertzio berri daude.
Halaxe tokatu zaigu: hiri bat itzuli nahi izateko modukoa. Itzultzeko modukoa, baldin eta diru poltsa betea edo gurasoen babesa baduzu. Eta bertigoak jota, hala ere.