Hitzak; besterik ez
Beñat Gaztelumendi, bertsolaria
Hitzak hitzak besterik ez direla. Fonemak direla, edo letrak, elkarrekin lotu eta zerbait esan nahi digutenak. Horixe pentsatzen dugu askotan. Ahaztu egiten zaigu fonema edo letra-sorta bakoitzak mendeetan gizendutako zaku bat daramala atzean. Eta, hala, zalantzan geratzen naiz benetan ni naizen hitzekin zerbait esaten dudana edo hitzek esaten duten zerbait nire ahotik.
Gerran egia omen da lehenengo biktima. Hala izango da akaso. Kazetaritzan ikasi genuen, ordea, Egiarik ez dagoela. Gertaerak daudela, eta gertaera horiek, ondoren, bakoitzak interpretatzen dituela bere usteen arabera; bere egia txikiak eraikitzeko. Kazetariak isilarazi dituzten eremuetan, ordea, dauden apurren egia txikiak egia erraldoi bilakatzen dira azkenerako. Baita telefono mugikor kameradunen eta Youtubearen garaiotan ere. Gerran hitzak dira konkistatzen diren lehenengo hiriburu.
Hitzak ez direla hitzak besterik esan ziguten. Baina hitzek egiak sortzen dituzte. Eta egia horiek Egia bihurtzen dira ahoz aho, egunkariz egunkari, irratiz irrati, telebistaz telebista. Eta puztutako elur-bolen moduan zanpatzen dituzte kontra egitera ausartzen direnak. Ez dute gerrarik irabaziko, baina gerran bizia emateko prest egongo diren soldaduak bilduko dituzte. Ez diote inori zauririk irekiko, baina labana zorrotzen norabidea markatuko dute. Ez dute inor atxilotuko, baina jende asko bihurtuko dute errudun.
Nik ez dakit zer gertatzen den Libian. Zer kontatu didaten dakit. Diktadore bat dagoela, eta iraultzari ekin dion herri bat. Baina, nork dio «diktadore»? Bere herrian ez al dago zapaldurik? «Iraultza» dioenak nola deituko lioke bere herrian gertatutako altxamendu bati? Adjektiboak izen bihurtzen dira ahoz aho, egunkariz egunkari, irratiz irrati, telebistaz telebista. Eta, Egia bihurturik, nazioarteko esku-hartzea justifikatzeko balio dute. «Petrolio» hitza ezkutatzeko ere bai, akaso.
Eta norbaitek galdetuko du zer ari naizen Libiaz hizketan, Libiari buruz ezer jakin gabe. Zertara datorren hitzei buruzko hainbesteko kezka. Eta gustura erantzungo nioke; gustura emango nizkioke adibideak, baldin eta nire herrian «terrorista», «biolento» eta «erradikal» hitzak hitzak besterik izango ez balira.

