'Horia'
Xabier Vazquez, Realzalea
Inoiz, baten batek telebista piztu eta bere taldea Betisen zelaian jokatzen ari bada; baina emaitza irudian azaldu ezean, badu aztarna garrantzitsu bat bere taldeari gauzak nola doazkion jakiteko.Baloiak biltzen dituzten haur horiek zelaitik gertu badaude, ondo edo hainbestean. Euren arrastorik ez bada… malo! Igandeko partidan ez ziren inoiz desagertu, beraz, Realak ez zuen inoiz bere burua atzetik ikusi markagailuan; baina azken ordu laurdena ikusita bazirudien berriz ere esku hutsik itzultzekoa zela Donostiara.
Futbola kolore kontua da. Hala bereizten dira bi taldeak, nahiz eta batzuetan hori ere gogorarazi egin behar. Bilardok behin bere jokalari bati esaniko «los de colorado son nuestros» haren antzeko zerbait entzun nuen partida ikusi nuen tabernan: «asi, asi, amarillo a amarillo». Taldea 0-2 aurretik zeharo atzera botata zegoela, Estradak Betiseko jokalari bati baloia pasa zion, eta hortik hasi zen sufrimendua horiz jantzitako txuri-urdinentzat. Are gehiago, telebistaz jarraitzen ari ginenontzat.
Bitxia da, ordea, koloreek futbolean duten eragina. Horiak horia deitzen du, bai, eta horregatik akaso atezain batek txuriz jantzitako aurrelari bat botatzen badu, txartel gorria da; baina, ordea, aurrelaria horiz jantzia bada, txartelaren kolorea horian geratzen da. Hau da, Reala eta Madril ez dituztela berdin epaitzen. Griezzmanen baloia ez omen zihoan aterantz, Benzemarena, aldiz, bai.
Halere, Realak 3 puntu ekarri zituen Sevillatik, eta hori da garrantzitsuena. Alarma gorriak zeharo piztuta zeuden, baina 3 puntuekin horian geratu gara. Positiboen artean honakoa nabarmendu nahi dut: Penaltian eta beste jokaldi batzuetan kale egin arren, Griezzmanek gauza txukun ugari egin zituen. Eta Elustondo gaizki aritu ez bazen ere, komeni zaigu beste ile-hori bat ere, Illarramendi, sasoian izatea. Iñigo Martinezi buruz…. zer nahi duzue nik esatea zuek esan/pentsatu ez duzuenik dagoeneko? Golarekin aho zabalik geratu nintzen eta, gero, goraipatzearen goraipatzeaz ezin izan nuen itxi. Mesedez, Illarramendi eta Martinez luzerako izan daitezela gurekin.
