'Hots, hotz'
Jon Odriozola, Kazetaria
Hoztuta iritsi nintzen Anoetara. Goizean nazioarteko krosean egoteak uste dut izan zuela zerikusirik. Eskerrak bi galtzerdi pareei eta salda beroari, bestela… Bost gradu markatzen zituen termometroak arratsaldean Anoetan. Eta ingurukoak agurtzerako, bi gol. Sportingo jokalariak ni bezain hoztuta zelairatu ziren. Ziur zale bat baino gehiagok ez zuela golen bat ikusi. «Behingo batean, partida lasaia», adierazi zuen inguruko batek. Ba al da partida lasairik Anoetan?
Lehia hasi aurretik ez zen jardunaldi samurra, baina, Zaragozaren, Mallorcaren, Betisen eta Rayoren hutsa aprobetxatu beharra zegoen. Eta irabaziz gero arerio bat atzean uzteko aukera. Sari goxoa. Kostata lortu zuen Realak garaipena. Zurutuzaren lesioa, eta bere hutsunea, ezin izan zuen behar den bezala ordezkatu taldeak. Bigarren zatian Sportingen menpe egon zen denbora dezentean Reala. Eta zaleon gorputzak are hoztu ziren Asturiaskoek ia bigarren gola sareratu zutenean. Beraz, azken emaitza gehiegizkoa dela deritzot. Halere, ez gara kexatzen hasiko.
Lehengo astean zuri-gorriek -Madrilgoek– lau golez hartu zituzten menpean txuri-urdinak. Igandean, Realak lau goleko aldeaz menderatu zituen txuri-gorri asturiarrak. Ah, eta nesken taldeak hartu zuen mutilen mendekua, koltxoneroei 0-1 irabaziz. Asteburuan, Lezamara joango dira. Arerioa, Bilboko zuri-gorriak.
Mutilak, Bartzelonara. Uste dut gorriak eta bi ikusi ditzakeela taldeak. Halere, kataluniarrak ez daude oso sasoitsu: partida pilo jokatzen ari dira, min hartutako jokalariak dituzte, eta merengeek zazpi puntura handitu dute kataluniarrekiko aldea. Ezustea emateko une aproposa. Edota hanka sartze guztiak ordaintzeko plaza; gorri-gorri eginda irteteko zelaia. Auskalo. Batek daki.
Astean zehar ez ei zaigu hotzik faltako. Realaren partida egunean, larunbatean, kaldereroak eta Santa Ageda bezpera; kantak eta bertsoak hotzari aurre egiteko. Bertso batek dion bezala, «ez gaude oso aberats diruz, ezta ere oinetakoz/baina eztarriz sano gabiltza, ta kanta nahi dugu gogoz». Hau da, Realaren golak «kanta nahi ditugu gogoz». Eup!

