Idoia Trenor: '11 eguneko esnatzea gure bizitzetan'
Kanpaina askotan erabili izan den slogana da “entzuten duzuna zara”, “jaten duzuna zara”. Bada, gu ere kontu berarekin gatoz eta egiten duguna garela esango dugu.
Pasa den hilabetean Durangon egin zen Topaldian entzun nion Idurre Eskisabeli: “Euskaraz bizitzea hautua egitea da, euskaraz egitea ez baita berezko dugun zerbait, lehenago edo beranduago erabaki beharreko kontua izaten da. Norberak erabaki beharreko kontua. Kontrako bidea hartzea da, berezkoa ez dena egitea”.
Hautu hori esperimentaziora eraman nahi dugu Euskaraldiarekin. Herritar bakoitza protagonista izango den esperientzia izango da. Alde egotetik egitera pasatzeko unea. Joxerra Gartziak dioen moduan jarrera ez baitator beti jokabideari eskutik helduta.
Horregatik, 11 egunez norberak nahi duen eremu, harreman edo espazioetan; izan familian, lagunartean, lantokian, kirol taldean edo boluntario garen taldean… euskarari tokia egitean datza Euskaraldia. Norberak bere buruari galdera hauek egin eta esnatze ariketa bat egitea: nire inguruneko norekin edo non handitu dezaket euskararen erabilera? Norekin adostu dezaket hizkuntza-ohitura aldatzea? Zein ate berri ireki dezaket?
Hori da aktibatzea. Aktibazio hitzak lotura du mugimenduarekin; prozesu bat martxan jartzearekin. Guk portaera linguistikoetan eragiteko prozesua nahi dugu abiatu Euskaraldiarekin. Orain arteko inertziak gainditu, adostasunak bilatu eta beste portaera batzuk praktikara eraman nahi ditugu. Ematen den urrats bakoitza lorpena izango da, ordura arte itxita zeuden ateak irekita geratuko baitira.
Jokaera indibidualei buruz kolektiboan hartzen diren erabakiek uste duguna baino eragin handiagoa dute. Hamaika egun horietan euskaraz bizi ahal izateko gune berri bat izango da egindako banakako hautu eta adostutako hizkuntza harreman aldaketa bakoitza. Ematen den pauso txiki bakoitza baloratu behar dugu. Batzuetan euskararen ukapena edo mesprezuari lotutako gertaera ezkorrek kopeta iluntzen digute; horren parean jar ditzagun irabazteko eta irekitzeko ditugun ate, gune eta une guztiak. Egin dezagun gure esku dagoena: erabaki ditzagun eremu intimotik hasi eta publikoraino aldatu ditzakegun praktikak.
Euskaraldia beste hainbat ekintza eta ekimenekin batera garatuko da, ez du ezer ordezkatuko, alderantziz, beste hainbat proposameni gehituko zaion proposamen berria da, beste arnas leku bat.
Euskaraz dakienak hitz egin eta ulertzen duenak hitz egiten duenari bide emango dio ahobizi edo belarriprest izanez. Bide horretan, erakunde eta eragileek babes neurriak eskaini beharko dituzte, ezinbestekoa baita ingurua, testuingurua, prest izatea herritarrok euskaraz bizitzeko. Erakunde bakoitzak ere alde egotetik egitera pausoak eman beharko ditu.
Euskaraldiarekin emango dugun aldaketa txiki asko espazio eta denbora berean izateak indar handia pilatuko du eta indar horrek aldaketa handiak ekarriko ditu. Egoerak aldatzeko dugun gaitasunean sinestea gure esku dago. Aldaketak posible direla sinestea ahal izatea da.