'Igerian'
Jon Odriozola, kazetaria
Zaharra ondo bukatu, eta berria hobeto hasi». «Urte berri on!». Hauek dira bolo-bolo entzun eta zabaldu ditugun mezuak. Uste dut Realari ere gauza bera opako ziola batek baino gehiagok baina, azken emaitzei begiratuz gero, zer pentsatua ematen du. Lau porrot daramatza jarraian eta egonezina sumatzen da giroan. Eskerrak atzetik datozenek antzeko abiadura daramaten. Baina hori kontsolamendu eskasa da. Azken hiru porrotek min handia eragin dute. Valentziaren aurka, azken arnasean amore eman ondoren, lur jota geratu zen Martin Lasarte; eta nor ez. Oso goibel. Minduta. Zaragozako partida ere, ez zen hobeto amaitu. Azken txanpan jasotako golaren kontura, esku hutsik itzuli ziren txuri urdinak. Kezkatzekoa. Realaren ligako arerioen aurka, donostiarrek, Malaga eta Racing (etxean), eta Malaga eta Sporting (kanpoan) hartu dituzte mendean. Gainontzekoen aurka ez du punturik urratu, guztiz kontrakoa gertatuko zela zirudienean. Realari Eguberrietako polboroiak, turroia eta Errege-opila, kontrako eztarritik joan zaizkio eta bihotzerre ederra eragin diote. Birusen batek –zale bat baino gehiago ohean jota utzi duena– ondo astindu du. Sailkapenean hamaikagarren postuan dago. Hogeita bi puntu ditu. Almeriarekin berdinduta (31), eta Zaragozaren atzetik (32), gol gehien jaso dituen taldea da. Aldiz, bederatzigarren talde golegileena da (25). Denboraldi hasieran, Eguberrietarako, hogei puntu eskatu nituen Realarentzat. Bi gehiago ditu. Ez dago gaizki. Baina partida bat baino gehiagotan zerbait lortu izan balu, salbazioaren muga are gertuago egongo litzateke. Txuri-urdinek larunbatean jokatuko dute Getafen lehen itzuliko azken partida. Hanka-sartzeak eta futbol txukuna tartekatzen dituen Getafe. Eta gero, hain futbol bikaina egiten duen Vila-Reali egingo diote bisita. Eta astebete barru, Mediterraneorantz. El Madrigalen, Europako futbol zelai modernoenetarikoan, hortzak estutu beharko ditu taldeak. Getak eta Urpekari horiaren golek ondoratu ez dezaten, igerian txukun egin beharko du Realak lehen sorospenetako ikastaro bat ekiditeko. Bigarren itzuliko botika? Ligako lehen partidako errezeta: grina eta borroka.
