Ikasle matxinatuen eredua
Lundi Matin aldizkarian Alessandro Stellak argitaratutako artikulu interesgarria oinarritzat hartuz, Frantziako Estatua goitik behera astintzen ari den bigarren hezkuntzako ikasle gazteen matxinadaz idaztea erabaki dut, Euskal Herria zatitzen digun mugak informazio mailan ere ondorio nabarmena baitu. Izan ere, gehiago dakigu Hego Euskal Herrian Puerta del Soleko kanpaldiaz, Frantziako Estatu osoa hankaz gora jarri duen ikasleen matxinadaz baino… Ipar Euskal Herriko ikasleak ere borrokan horretan murgilduta dauden arren.
Ezusteko matxinada izan da, inork ez baitzuen espero horrelako indarra hartuko zuen ikasleen borrokaldia emango zenik Frantziako Estatuan, horretarako arrazoiak falta ez ziren arren. Espainiako Estatuan bezala, han ere iritzi publiko osoa datozen hauteskundeetara begira jarri dute hedabideek, gai sozialak baztertuz. Espainiako Estatuan, Sanchez ondoren, zer? Eta Frantziako Estatuan, Macron ondoren, zer? Horiek ziren galdera zentralak. Eta Madrilen etxebizitzaren inguruko borroka sozialak agenda politiko osoa astindu duen modu berean, Frantziako Estatuan ikasleen mugimenduak dena hankaz gora jarri du. Pariseko periferiako lizeo batzuetatik abiaturiko matxinada berehala zabaldu da Frantziako Estatu osora.
Borrokaldi berri honetan ez dago erakunde nagusirik, ez dago alderdi edo sindikaturik, beren burua antolatzen duten bigarren hezkuntzako taldeak dira matxinadaren zama daramatenak. Ikas zentroetako sarrerak oztopatzen dituzte eta informazioa zein borrokaldia sare sozialen bidez zabaltzen dute haien inguruan.
Ikasleen matxinada espontaneoa, ustekabekoa eta bat-batekoa izan da, 2018ko udazkenean Txaleko Horien mugimendua sortu zen bezalaxekoa. Matxinada honen bidez institutuko gazteek, lehenik eta behin, existitzen direla adierazi nahi izan dute, beraien gaurko eta etorkizuneko bizitzak airean daudela adieraziz. Bozkatzeko eskubiderik ez izan arren, adinez txikiak baitira, borrokatzeko eskubidea dutela erakutsi die alderdi politiko guztiei, beraiekin kontatu behar dutela azpimarratuz, beren arazoak konpontzeko subjektuak direla.
Matxinadarako arrazoiak plazaratu dituzte, hala nola, klase gainkargatuak, ordezkatu gabeko irakasleak, eskola eraikin zaharkitu eta osasungaitzak… Etorkizun argirik ez duten gazte helduak direla azaldu dute eta horregatik borrokan daudela, inork ez baitie kasurik egin, haurrak bailiran. Salaketa horren atzean kritika sakonak daude. Funtsean, ustezko estatu baten eskola sistemaren salaketa osoa dago, berdintasun formal baten babesean, klase eta “arraza” pribilegioak eta diskriminazioak erreproduzitu eta mantendu besterik egiten ez dituen eskola eredua baita bizi dutena.
«Alessandre Stellak esaten duen moduan, borrokalari ‘gazteek’ lezioa emango al diote ‘zaharrei’? Seguru baitez»
Ikasleen matxinaden historian, berria dena zera da, 2026ko udazkeneko matxinada hau ez dutela klase sozial ertaineko ikasleek bideratzen, baizik eta auzo herrikoietako lizeoetako ikasleek. Horregatik, blokeoen irudiek erakusten dute, matxinatzen ari diren bigarren hezkuntzako ikasleen artean, asko eta asko azal beltz edo beltzaranak direla, hori bai, guztiak naziotasun frantsesekoak dira, baina arlo sozialean baztertutakoak.
Bigarren hezkuntzako ikasleek beren ikasketa baldintzengatik kexatzeko arrazoi onak izan zitzaketela onartu arren, gobernariek eta hedabide konplizeek matxinada “LFI eta ultraezkerrari” egotzi die, ikasle mugimenduen autonomia ezkutatu eta bide errepresiboa justifikatzeko asmoz.
Bigarren hezkuntzako ikasle borrokalarien erreakzio saihestezinaren aurrean, Frantziako Estatuaren aginduz poliziak ikasleak borratu, gaseztatu, lurrean zapaldu, eskuburdinez lotu, zauritu, mutilatu eta atxilotu ditu… Ikasleen borrokaren prestigioa zapuzteko Black-Block gisa jantzita infiltratutako polizia probokatzaileak erabili ditu Frantziako Estatuak bazter guztietan, sua pizteko, bazterrak nahasteko, irudia zikintzeko…
Errepresioa basatia eta masiboa izan da: astebetean 5.000 atxiloketa izan dira, ehunka pertsona zauritu dira. Ikasle batek eskua galdu du, beste batek begia… Errepresio gupidagabe eta neurrigabea da.
Baina 2026ko udazkeneko Frantziako Estatuko bigarren hezkuntzako ikasleen matxinada ezin da eskolako espaziora mugatu. Alde guztietatik gainezka egiten du. Matxinatuen belaunaldi berri honek borroka zahar eta moderno askoren ondarea biltzen eta handitzen duela dirudi. Antikapitalismotik antirrazismora, antisexismotik antiautoritarismora, mundu osoko zapalduekiko elkartasunaren printzipioak. Jende askearen mugimendu sozial gisa indartzen ari da.
Mugimendu hasiberri honek, badirudi, bere aurreko mugimenduen aztarnak daramatzala, diskurtso, metodo eta praktikak inspiratuz eta berrituz. Herri auzoetako matxinaden arteko nahasketa bat da, batez ere, Nahelen hilketaren eta Txaleko Horien matxinadaren artekoa. Kolore nahasketa ederra ere bai, aurpegi irribarretsuak, talde solidarioak. “Gazte” horiek erakusten ari dira, egunez egun, amore eman gabe, ausardia eta erabakitasuna poliziaren errepresioaren aurrean, beren borrokaren justiziaren uste sendoak bakarrik susta dezakeela. Eredugarria, zalantzarik gabe.
Alessandre Stellak esaten duen moduan, borrokalari “gazteek” lezioa emango al diote “zaharrei”? Seguru baitez. Bide berriak irekiko dituzte botere ekonomiko, politiko, militar, mediatikoen erresuma pitzatuz. Ikasleak, irakasleak, azaleko teknikariak, langabeak, langile prekarioak, langile espezializatuak, artisauak, erretiratuak erakarriko dituzte? Denborak esango du.

