'Ilunetik, ilunabarrera'
Jon Odriozola, kazetaria.
Bilbotarrak garaitu ondoren, Europan datorren urtean jokatzeko postuetan lokartu ziren jokalariak. Iragan asteburuan, apur bat puztuta hartu zuen lur taldeak Camp Noun. Edota taldearen inguruak hobe esanda. Txuri-urdinek aurrez aurre “ikaragarrizko” taldea izango zutela azpimarratua zuen Martin Lasartek. Eta hala izan zen. Baloi jabetzari eusten iaioak dira culeak, egiten duten guztia –kanpotik– erraza dela dirudi, eta zelaian gozatu egiten dutela bistakoa da. Futbol profesionalean zorte hori oso gutxiren esku dago. Lasartek, ostiraleko agerraldian, “culeak ez dira garaiezinak”, esan zuen; “ezinezkotasuna ez da futbolean existitzen”, gaineratuz. Funtsean ados egon arren jakin nahiko nuke, gaur egun, zenbat ote diren talde honi aurre egin diezaioketen hamaikakoak. Taberna batean ikusi nuen partida. Jendea, lasai antzeman nuen. Han bildu ziren jarraitzaile txuri-urdinak jabetuta zeuden helburua ia ezinezkoa zela. Jokalariek bizpahiru pase lotu eta kanpo erditik igarotzen ziren aldiro, edozein ahalegin saritzeko prest zegoen zalegoa. Halere, realzalea gehien goibeldu zuena ez zen porrota izan, merengeen antzera, bost gol jaso izana baizik. Tabernaren epeletik irten eta etxera. Entrenatzaile uruguaitarrak, kataluniarren lehiaren aurretik, “partida hau gure hazkundearen beste atal bat izango da”, adierazi zuen. Hori hala dela erakusteko, larunbatean, beste dema bat. Erakargarria oso. Talde handi bat hartuko dute txuri-urdinek Anoetan. Jokalari bikainak ditu armarrian saguzarraren irudia duen Valentziak. Emery, Otxotorena, Marsach eta Aduriz euskaldunen Valencia, alegia. Diru arazoen gainetik, Llorente presidenteak eta Emery entrenatzaileak, talde dotorea osatu dute. Valentziako, Batman eta Robin? Saguzarrei aurre egiteko, ezer ez zakur zaharra –eskarmentu– izatea baino. Realak, orain arte, ilusioa, borroka, grina… erakutsi ditu eta orain arte, hori guztia, botika paregabea izan da arerioei aurre egiteko. Valentziako saguzarrek ez dute batere gaizki jokatzen ilunabarrean. Adituen arabera, leku ilunetan –Anoeta argiztatua egongo da, ezta?–, aurre egiteko, argia eta zarata primerako lanabesak omen dira. Beraz, larunbatean, harmailetatik, orain bezala, animoak eta zarata jokalariei helaraziz gero, aukera dezente izango ditu taldeak Gudarik, Tino Costak, Matak, Vicentek… osatzen duten izurriteari aurre egiteko.

