Imajina daiteke
Hara hi, zabalik zegok atea!
Gaur ezagutu behar diagu bada!
Goazemak gora!
Eta halaxe abiatzen genuen karakol mailadi ilun eta estuaren igoera, isil-isilik eta mesfidantzaz. Halako batean entzun ohi genuen: Badatorrela! Badatorrela! Eta ziztu bizian ihes egiten genuen leku misteriotsu hartatik. Hurrengo bat arte, akabo abentura!
Parte Zaharreko San Bizente elizaren bi ate printzipalen artean, bada beste ate txiki bat. Garai batean Templos (tenploaren zaindaria) zenaren eta haren familiaren etxebizitza. Dorre tankerako mailadiaren buruan kokatua zegoen etxe hori ezagutzeko irrikitan pasa genuen haurtzaroa eta ez genuen inoiz lortu. Joan den astean hirurogei bat urte igaro ondoren izan dut ezagutzeko aukera. A zer poza, haur nintzeneko gogo hura azkenean bete ahal izan dudanean. Etxebizitza xume hori baino dotoreagoa den eraikin bat bada Donostian. Garai batean Gobernu Zibila zeritzana.
Haren barnealdeak ezagutzeak ez zion inori irrikirik sortzen, ez zuen inork han barruan denbora pasatzea gustoko. Baina Templosen etxea izateari utzi zion era berdintsuan utzi zion Amarak etxetzar horrek ere Gobernu Zibil izateari. Bertako poliziak, zerbitzuak eta bulegoak ibaiaz beste aldera eraman zituzten eta hutsik utzi zuten eraikin zabala.
Hori dela eta auzotar batzuk bildu ziren eraikina berreskuratu eta bertako kultur etxe bihurtzeko asmotan. Horregatik eta Amara auzo zabalaren beharretarako guztiz aproposa iruditzen zaielako ari dira lanean auzokideen eta elkarteen laguntza bateratuz eta dagokien politikariei eskaera hori aldarrikatuz.
Pablo Picassok esan omen zuen: «Imajina daiteken guztia benetakoa da». Templosen etxea ezagutzea imajinatu nuen era berean imajinatzen ditut Amarako eraikin horretan liburutegi zabal eta bereziak, hainbat erakusketa gela, auditorium handia eta zine saloia, entsegu leku egokiak, grabazio estudioak, haur txokoak, gaztelekuak, antzerki aretoak eta tertulia gelak auzoaren erdi-erdian kokatua dagoen atseden gune eder batean.
Picassok arrazoi zuen eta Templosen etxea ezagutu dudanez:
Gobernu Zibila laster kultur etxe!