Immunizatu gaitezen turistifikazioaren aurrean
2021eko uda. Urte eta erdi pandemiaren ondoren, Donostiak atzerriko turistak hartzen ditu berriz: COVID pasaportea aktibatuta dago, hotelak irekita, hiria promozionatzeko kanpainak, pisu turistikoei buruzko legeria berria… turismoaren makineria berriro martxan da. Beraz, batzuek faltan bota dute eta orain presaz berreskuratu nahi duten turismo ereduaren “normaltasuna” itzuli da. Baina nolako turismo ereduaz ari gara? Zer normaltasun berreskuratzen dugu? Azken urte eta erdi honetan ikusi dugu nola merkatu turistikoa aurrekaririk gabeko krisi batean sartu den. Eredu ekonomiko horren ahultasunak agerian geratu dira eta esperientzia honek Donostiako bizilagunok turismoak gure bizitzetan dituen kostuak gure gain hartu nahi ditugun berriro pentsatzera gonbidatzen gaitu.
2021eko uda. Etxebizitza larrialdia borrokatu beharreko birus bat da. Hiriko 16 mugimendu eta elkartek Donostian etxebizitza eskubidearen alde aspaldi ikusi gabeko mobilizazioa egin duten udaberritik gatoz. Hiriko etxebizitza krisia inoiz baino larriagoa da: ordaindu ezinezko alokairuak, auzoetatik kanporatutako bizilagunak, etxegabetzeak… Hala ere, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra espreski aldatu ondoren, Donostian inoiz 550 pisu turistiko gehiago legeztatu dituzte. Bestalde, azken urteetan banatutako 35 hotel lizentzien ondorioz, hotel horien lanak bukatzen eta irekiera berriak gertatzen ari dira. Uda da etxebizitzak eskubide izateari utzi dion hirian, gero eta jende gutxiagoren esku dagoen luxua bihurtu den hirian.
2021eko uda. Mundu mailan, hegazkin-trafikoak eta gurutzontziek airea eta ozeanoak kutsatzen dituzte berriro. Donostian, Santa Klara uhartea, balio natural handiko eremua, hiriko erakargarri turistiko berria bihurtu da jendez gainezka egiteko arriskuarekin. Antondegiko ingurune naturala ere zentzugabeko surf-park baten bidez hondatzearen mehatxupean dago. Bai, badirudi normaltasunera itzultzea hau zela: espazio naturalen ustiapenaren eta degradazioaren alde egiten jarraitzea sustatzaile pribatuen esku dagoen merkatu turistikoaren mesedetan.
2021eko uda. Jarduera turistikoa pandemiaren ondorioen aurka errekuperatzen ari da: galdutako lanpostuak berreskuratzen ari dira eta jarduera horretan topatuko dute enplegua hiriko eta inguruetako langile askok. Hala ere, monolaborantza turistikorantz joatea herritarren bizi baldintzak hobetzeko urrats faltsua da. Dibertsifikazio ekonomikoaren alde egin ezean eta langileak beste sektore batzuetara bideratzeko benetako apusturik egin gabe, berriro esplotazioa, prekarietatea eta lan-egonkortasunik gabeko merkatuaren mende egongo dira.
Turismo jardueraren onurak kontatzen dizkigutenean, motore ekonomiko gisa eta enplegu sortzaile gisa aurkezten zaigu. Arretaz begiratuz gero, ordez, enplegu horren eta jarduera ekonomiko horren kalitate eskasa eta hauskortasuna azpimarratzekoa da, batetik. Eta bestetik, nabarmena da jarduera turistikoak inbertsio publiko izugarria eta politika publikoen erabateko baldintzatzea eskatzen duela. Enplegu batzuk sortzen ditu, gutxi batzuei irabazi handiak ematen dizkie, baina aurrekontu publikoetan dago guzti horren oinarria. Turismoarekin irabazten dutenen mesedetan moldatzen dira hiriak, erakargarri kulturalak sortzen dira, azpiegitura erraldoiak eraiki… eta guztien zergekin ordaintzen dira.
Immunizatu gaitezen turistifikazioaren aurka. Ez dezagun utzi hiriaren osasuna herritarrentzako bizi baldintza duinak bermatzen ez dituen eredu ekonomikoaren eskuetan. Zaindu dezagun gure esku dagoen heinean hiriko bizitza. Urte eta erdiko pandemiak argi utzi du: turismoaren desazkundea beharrezkoa bezain saihestezina da. Antolatu gaitezen eta borroka dezagun auzo eta kaleetan norabide horretan.