Indarkeria matxistaz
Datorren ostegunean, azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da. Mugimendu feministak urte luzez egindako lanari esker, gaur egun, indarkeria matxistaren moduko terminoak ezagun zaizkigu guztioi, eta sarri entzuten ditugu etxean, kalean edo komunikabideetan. Baina zer da indarkeria matxista?
Indarkeria matxistaz hitz egiten dugunean, gehienok ulertzen dugu gizonek emakumeengan eragiten duten biolentziaz ari garela. Jakin badakigu, gainera, indarkeria hau dominazio sistema binario batean oinarritzen dela, gizonek emakumeak menderatzeko estrategia gisa. Baina emakumeok soilik jasan al dezakegu indarkeria matxista? Eta zein ‘emakumez’ ari gara? Zer gertatzen da sistema binario horretatik kanpo gelditzen direnekin?
Zisheteropatriarkatuak ezartzen dituen desberdintasunen ondorio da bortizkeria hau, eta desberdintasun horiek iraunaraztea du helburu. Sistemak gizonez eta emakumez osaturiko gizartea behar du, kategoria dikotomiko zurrunetan banatuta, familia heteroarautuak osatu eta kate produktibo erreproduktiboari jarraipena eman ahal izateko.
Hau horrela, ekuazio horretatik kanpo gelditzen den edonork ez du sistema iraunarazteko balioko, eta ondorioz, indarkeria jasateko arriskua izango du. Biolentzia honek forma eta mekanismo desberdinak har ditzake, maila ezberdinetan, baina finean erro bera duen egiturazko indarkeria baten aurrean gaude.
Azken hilabeteotan, gainera, argi ikusi dugu pertsona trans, marika eta bolleren aurkako indarkeria legitimatu eta areagotu egin dela; identitate normatiboak bortxaz eraikitzeko estrategia moduan.
Beraz, indarkeria matxista ez da soilik emakume zis eta heteroarautuoi eragiten digun zerbait, sistemaren arauetatik kanpo gelditzen den edozein genero identitatek edo gorputz disidentek ere jasan dezakeen indarkeria espezifikoa baizik.
Nik, behintzat, argi daukat indarkeria matxistaren definizioa zabaltzeko beharrean gaudela. Ez al gara ba gu geu ere sistema binario bera erreproduzitzen ari indarkeria kategorizazio dikotomiko zurrun horietan bakarrik ulertzen badugu?