'Informatzeko eskubidearen alde'
Joan den astean, Espainiako auzitegiek Segiko kide izateagatik zigortutako zortzi gazte donostiarri babesa emateko asmoz, elkartasun ekimen jendetsua egin zuten Donostiako Bulebarrean. Hain zuzen ere, zigor politikoa jaso zutela salatzeko, eta euren atxiloketa saihesteko, ehundaka pertsona zigortutako lagunekin izan ziren gau eta egunez, erresistentzia pasiboa eta desobedientzia zibila oinarri. Testuinguru horretan, Ertzaintzak joan den ostiralean erabaki zuen Bulebarrean sartzea, zigortutako donostiarrak atxilotzeko helburuarekin, eta HITZA, beste hainbat komunikabiderekin batera, bertan izan zen albistea bertatik bertara emateko.
Ertzaintzak, baina, Bulebarrera iritsi bezain pronto, kazetarien lana oztopatu zuen, hasiera-hasieratik. Informazio gunetik urrundu zituen, eta, Argia aldizkariko kazetari Lander Arbelaitzen kasuan, kazetaria bera jipoitu zuen, nahiz eta kazetaria zela esan eta akreditazioa erakutsi. Arbelaitzek jasotako tratu larria gaitzesteaz gain, informatzeko eskubidearen urraketa eman dela salatu nahi dugu HITZA osatzen dugun komunikabideok. Hain justu, gogoratzen dugu, bai Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eta baita gizarteari, prentsa profesionalari bere lana egiteko mugak ezartzeak ez duela inolako justifikaziorik joan den ostiraleko gertakarien kasuan. Honelako erabaki bat soilik justifikatuta dago kazetariek poliziaren lana ez eragozteko edota beraien burua arriskuan ez jartzeko; bada, baldintza horiek nekez ematen dira Bulebarrekoaren antzeko gertakari baketsuetan. Gizarte demokratiko batean, kazetariek askatasun osoz mugitzeko eskubidea izan behar dute, herritartasunari informatzeko duen eskubidea bermatzeko. Eta hori ez zen joan den ostiralean gertatu, erreportariak poliziaren parte-hartze tokietatik urrundu baitzituen Ertzaintzak, lekukoak ez egotearren. Hori gutxi balitz, ertzain ugari oldartu zitzaizkion Lander Arbelaitz kazetariari. Honen guztiagatik, HITZAk kazetariei elkartasuna azaldu eta Ertzaintzaren jarrera gogor salatu nahi du, eta Jaurlaritzako Segurtasun Sailari argibideak emateko eskatu, gizarteak eta prentsak azalpen bat merezi dutelako.Irutxuloko Hitza, Goierriko Hitza, Oarsobidasoako Hitza, Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza, Urola Kostako Hitza, Busturialdeko Hitza eta Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza