'Inoiz eredu izango ez direnentzat'
Zigor Etxeburua, Euskalgintzako kide
“Urrats batek bestea ekarri du, eta honek ekarriko ditu hurrengoak, ezinbestean. Iritsi da ETAren su-etenaren jakinarazpen ofiziala eta, etxaferorik jaurti ez bada ere, guztiok poztu gara“. Igaro den urteko irailaren 14an argitaratu zen Loretopetiken hasiera hori zeukan nire zutabea, eta gaurkoan ez dut orijinalagoa izateko modurik aurkitu.
Jakinarazpeneko goiza ederra esnatu da, zutabe hau osatzen lagundu didaten urratsez josia. Maddi haurtzaindegian in extremis laga ostean, Bizarrain euskara elkartearen iazko lanen balantzea osatzen aritu naiz gure lankidearekin –urte bikaina, portzierto, kontuan izanik diru gutxiagorekin eta uste gabeko zenbait zailtasunekin egin behar izan dugula aurrera–. Segidan, Herrerako plazara jaitsi eta gazta ale bat erosi diet furgonetako ateak irekita azoka modukoa antolatzen duten Eguzki-borda baserrikoei. Ondoren, oinez abiatu naiz hiriburura. Mirakruz gaina gainditu bitarte –hau da, Altzako mugaraino– bide laiotza egin dut, hezea eta hotza. Baina Binagrene parean Artzakenera gurutzatu eta hor, beroa eta argitasuna eskaini dizkit “kapitalerako” bide eguterak –ezer esan nahiko ote du horrek?–. Hauteskunde sindikalak bertan direla-eta, inguratu beharra nuen Grosen kokatuta dagoen erakundearen egoitzara. Eta ordurako ba ote zekiten ez dakit, inork ez baitit deus aipatu, baina itzelezko mugimendua sumatzen zen bulegoan –astelehenik ez zuten langile porrokatuek horratik!–. Horkoak bukatu eta Liburutegi Nagusira abiatu naiz, Zurriolan barrena, ikusmira ederra gozatuz. Jende asko zebilen firin-faran, neure moduan, baina ez dut txintik entzun albisteaz. Itsasoan uhin txikiak, leun, hondartzara gerturatzen, lagun batzuk oinutsik pasioan, presarik gabe, kaioak hegan zeru urdin-zurixkan, eta ni damututa pasealekua utzi eta hareatzara ez jaisteagatik. Zubia igaro eta liburutegian utzi ditut aurrekoan hartutako diskoak. Kasualitatea, horietako bat Morauren Inoiz eredu izango ez direnentzat diskoa zen, une horretan ez banekien ere, zutabe honi bidea egiten lagundu dion beste urrats bat. Handik atera eta munduko ogirik goxoena euskaraz egiten duen saltokira abiatu naiz, Parte Zaharrera. Bidean Etxezarreta zinegotzi ohia ikusi dut udaletxetik ateratzen, eta agurtzera gerturatzea pentsatu dudan arren, ordulariaren diktadurak aurrera bultzatu nau. Orain damututa nago, berak ordurako zer edo zer jakin bazekiela sumatzen baitzitzaion. Ogia erosita, etxerako bidea autobusez egin dut, baina hor ere inori ez diot hitzerdirik entzun notizi pozgarriaz. Gauza bitxia bai, bozgoragailuetatik zera entzun dut –eta ez da txantxa–, “hurrengo geltokia… EUSKAL HERRIA”. “Hala bedi” jarri behar nuen, baina horrela izan dadin, egin ditzagun guztiok gainerako urratsak. (Astelehenean idatzia)

