Iparragirre
Duela 160 urte, XIX. mendearen erdiaren bueltan, gerra beldurgarria piztu zen Krimean: Errusiako tsarren inperioa, alde batetik, hainbat armadaren koalizioa, bestetik, otomandarrak, britainiarrak, frantziarrak eta italiarrak tartean. Sebastopoleko setioa gerra horren aipamen nagusia izan zen. Sebastopol, Krimeako hiria, Itsaso Beltzaren ertzean. Izen panpoxoa.
Garai hartako egunkarietako orri zabaletara berandu heldu arren, munduko albisteek euskaldunak kutsatu, eta, bide batez, izen eta egoera arrotzak bereganatu zituzten. Baserri berrien izenak, esaterako: Habana, Belen, Florentzia, Gibraltar, Versailles, Londres, Aljer, Troia, Alexandria, Babilonia, Tetuan eta… Sebastopol.
Ez zen baserria, ostatua baizik. Emakume batek sortu zuen, egun San Martin kaleko Justizia Jauregia dagoen tokian, eta Sebastopol izena jarri zion. Ikusezintasun historikoak estali digu, beste behin, emakumearen bizitza, emakume izate hutsagatik. Alarguna zen, eta ondo baino hobeto ezagutzen dugu senarraren abizena: Arizkorreta. Harena, izena bakarrik, abizena galduta baitago: Bixenta.
Sebastopol ostatutik garaiko gizon «ospetsuak» pasa ziren. Horretan bai, historiak utzi ditu pasarteak. Eta, horien artean, Joxemari Iparragirre nabarmenduko nuke, aurten haren jaiotze datatik ehun urte pasa direlako eta, asteotan, idatzi zuen Gernikako arbola abestia Euskal Herriaren ereserki izateko aldarrikatzen ari direlako.
Iparragirre, gizon aparta. Baina, beti dago ezkutatutako «baina» bat, erbestetik Euskal Herriratu zenean, familia oso bat utzi zuen Argentinan, premia gorrian: emaztea eta zortzi seme-alaba, 15 urtekoa zaharrena. Iparragirrek Tolosan ezagutu zuen Angela Kerexeta Aizpurua, 16 urtekoa. Historiak azpimarratu digu gure bohemioaren bizitza. Gutxi dakigu, ordea, atzean eta kale gorrian utzi zuen bikotekideaz.
Bixenta eta Angela, kontakizun modelo baten lekuko.