'Iparrorratza'
Jon Odriozola, Kazetaria
Beldur nion Malagaren aurkako demari iragan astean zehar, eta igandean, kezka, porrot gauzatu zen. Txuri-urdinek Camp Noun galdu zutenez geroztik, duela hamahiru jardunaldi, huts egin nahiz garaitu, beti sareratu izan dute golen bat. Igandean eten zen dinamika hori. Eta etxean, Liga guztian, orain arte, ez zen halakorik gertatu. Aukerak izan zituen, baina… kamuts. Malagak partidan zehar erakutsi zuen egoera fisikoa ikusita, Realak partida berdindu izan balu, uste dut, garaipena ez zuela urrun izango. Halere, oso erraza da dema ikusi ostean ondorioak ateratzea. Taldeak dinamika arriskutsua darama. Irabazi edo galdu egiten du: 11 garaipen, eta 15 porrot. Bi partida soilik berdindu ditu; bata kanpoan (Almeria) eta bestea etxean (Levante). Reala da Malaga eta Herculesen atzetik (16), partida gehien galdu dituen taldea (15). Puntutan berdinketa izanez gero, aldeko eta kontrako golen afera ere ez du oso aldekoa: Malaga, Levante, Mallorca eta Osasunarekin galdua du. Almeria eta Deportivorekin, irabazi. Bere Ligako datozen partidetan -Racing, Hercules, Sporting, Zaragoza eta Getafe- gauza asko argituko dira. Dema gehienak, datorren asteburuan izango den Kantabriakoa salbu, etxean jokatuko ditu. Realzaleak hotzetik berora eta alderantziz, igarotzen arrunt iaioak gara. Duela bizpahiru aste, Europan sartzeko aukerez ari ginen bolo-bolo. Orain, jaitsiera bederatzi puntuetara dagoela ikusi orduko, mamuak ikusten hasi gara. Ez dugu ikasten. Hiru aukera eder huts egin dituzten txuri-urdinek helburua lehenbailehen ziurtatzeko, baina okerrago daude atzean daudenak. Inork ere ez zuen pentsatu ere egiten denboraldi hasieran, sasoi honetan, hainbeste puntu izango zituenik Realak. Arnas hartu, lasaitu eta konfiantzaz beterik aurrera begira jar gaitezen, orain behar baitu, inoiz baino gehiago, babesa taldeak. Martin Lasarte entrenatzailearen lana eta zabaltzen duen mezua azpimarratu nahi ditut. Uruguaitarrak gauzak ondo ulertzeko moduan zabaltzen ditu. Zuzen. Ez da iparrez nahastu. Helburua, argi du: datorren denboraldian Realak Lehen Mailan jokatzen jarraitzea. Ez zaio burua batere berotu. Haserretzen denean, ederki antzematen zaio gainera. Aihotzarekin edo gabe, ahalik eta arinen, sei puntu lortu behar ditu taldeak. Ez dezagun norabidea galdu.


