Irati Urkiola: '2018 ziztada'
2018ko urtarrilaren 12a. Astebete pasa da Gabonen zikloa osatzen duen azken egunetik, eta oraindik ere badira janari soberakinak eta oparitarako paper zatiak gutako askoren etxeetan. Pasa da astebete eta oraindik ere biharamunari buelta eman ezinik egongo da gutakoren bat. Baina, astebete pasata, jarri al da inor Gabonen inguruan pentsatzen? Zer ospatzen dugu? Zertarako? Norekin? Zergatik?
Pasa den hilabeteko artikuluan jai-egun arrotzetan jai egitearen inguruan aritu nintzen, eta orain, konturatu, txikitatik ilusioz jantzi dizkiguten egun hauek ere badutela asko arrotzetik; badirela, askorentzat, arrotzak.
Gabonak noiz hasten diren, dena den, ez da guztiz jakina. San Tomaseko txistorraren gantz tantarekin alkandora zikintzen dugunean, agian? Supermerkatuetan turroiak saltzen hasten direnean –bide batez, laster, uda garaian- ? Enpresako bazkari/afarietan lotsa galtzen dugunean? Edo abenduaren 22an dirutza irabazteko ilusioz, dirutza utzi dutela konturatzen direnean?
Gabonak zehazki noiz hasten diren zalantza bada, zalantza handiagoak sortzen zaizkigu Gabonak zergatik ospatzen ditugun galdetzen digutenean. Jakin badakigu Kristau Erlijioak Jesus delako baten jaiotza ospatzeko harturiko egunak ditugula joan berri zaizkigun hauek. Baina, gutariko zenbat gara kristau erlijioaren jarraitzaile? Zenbatek ospatzen du balizko haur horren jaiotza? Hala, beraz, zergatik ospatu? Zertarako?
Gabonak geure sineskerietara -edo sineskeria ezetara- moldatu, eta tradizioari men eginez kontsumismo masiboaren atzaparretan erortzeko egunak ez ote diren hauek; edo txikitatik jasotako ilusioari men eginez geure barne egoera irriz estaltzera behartu diguten garaia ez ote den igaro berria; edo ustez eskubide-berdintasunak bermatzen dituen gizarteari men eginez mahaiak jaki berdinez beterik daudela sinetsi beharreko otorduak ez ote diren pasatako horiek… Digestioari gutxi lagunduko dioten kalanbreak, honakoak.
Topiko izan daitezkeen kontraesan horiekin amaituz, egia da inguruan geroz eta gehiago direla Gabon garaitik ihes egin nahi, eta ezarri dizkiguten jai egunok bestela igarotzeko desioari bide eman diotenak. Hala ere, gustatu ala ez, ziur naiz gehiengoak sentitu izan dugula egunok etxekoekin igarotzera bultzatu gaituen erakarpen indarra… Izan ere, eta euskal idazle batek behin esan zuenari keinu eginez, Gabonak ez al dira familiaren elkarretaratzea sinbolizatzen duen garaia? Zizt.
Kalanbrez beteriko urtea izan dezazuela 2018koa.