Iraultza frantsesa eta eskuin muturra
Alabak Gizarteko azterketa izan du aste honetan, ingelesez, Amerikako Estatu Batuetako independentzia gerra eta Frantziako Iraultza.
Kontua da historia gustatzen zaiola, baina ingelesa ez, eta bion artean aritu ginela bataren eta bestearen causes eta consecuences-ak ulertu nahian. Kausak, betikoak: gosea, gizarte desberdintasunak, gehiegizko zergak eta askatasun eza… Ondorioak: errepublika eta independentzia; inguru hauetan faltan botatzen ditugun bi aukera.
Ez nuke jakingo esaten nola, baina halako batean antzinako erregimenari buruzko testu batekin ari ginen: monarkia absolutistak, noblezia, Eliza, herri xehea eta hori guztia… goikoek pribilegioak eta behekoek betebeharrak, nobleziak dirua eta herriak gosea, boteretsuek boterea eta azpikoek ahal zuten apurra.
«Niri begira jarri eta… ‘Aita, hori ez da eskuinak eta eskuin muturrak nahi dutena? Gutxi batzuek eskubide eta gauza guztiak edukitzea eta beste guztiek ezer ez?’»
Halako batean, begirada orri zikindutik altxa, niri begira jarri eta…
–Aita, hori ez da eskuinak eta eskuin muturrak nahi dutena? Gutxi batzuek eskubide eta gauza guztiak edukitzea eta beste guztiek ezer ez?–
Baietz erantzun nion. Gezurra iruditzen zitzaiola duela hainbeste denbora eta gero berriz berdin egotea, gehitu zidan berak.
Ba, hori! Ingelesa ez zaiola gustatzen, baina gauza batzuekin konturatzeko ez dela ingeniari aeronautikoa izan behar.

