Irenstea
Keinu arruntei eustea
begiradak saihestea
nahi zenukeen arren zuri so
daukazu bestea
tabernan pasaz astea
uzkurtu zaizu hestea
nork esan dizu hobea dela
penak irenstea?
Kanbio multzoen eskea
billeteen erbestea
barran gosaltzen dudan aldiro
hor zaude gaztea
desio duzu ahaztea
zeozer irabaztea
makinen lana baina ez da soilik
sosak irenstea.
Barne ahotsen ustea
“posible duzu uztea”
usteak erdi ustel lortu du
lizuna puztea
zeren makina hustea
ta txanponak ikustea
bat izan dira hori ta zure
hitza irenstea.
Izan nahi duzu askea,
zilegi da amestea
ondoko auzora etortzea da
horren kontrastea
lagunak hona aurkeztea
edo amaren ezustea
baino nahiago zenuke bertan
lurrak irenstea
Hustu osteko zortea
hiru limoiren ospea
senak eskatu dizu J&B
ta Ducados kea
laguntza bila hastea
bizitza lehenestea
inoiz pentsatu al duzu urguilu
hori irenstea?
Behin dosiz ondo betea
menpekoaren nekea
agortuz doa neurriak hartzen
hasteko epea
presazkoa da heztea
ta makinak deuseztea…
baina hasteko neri dagokit
epaia irenstea
Doinua: Aizak hi mutil mainontzi